argia.eus
INPRIMATU
Gasteizen taldean egindako jipoiaren salaketa faltsua ote den ikertuko dute
  • Urriaren 23tik 24rako gauean lau gaztek jipoitu egin zutela salatu zuen emakume batek Gasteizen. Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen, baina hamar egunetan ez dute salaketak jasotzen duena baieztatzera datorren inolako aztarnarik aurkitu. Erasoa egin zioten gazteak magrebtarrak zirela azpimarratuz diskurtso arrazista eta xenofoboa haizatu zuen salatzaileak. 2015ean Voxen zerrendetan aurkeztu zen hauteskundeetara. Ertzaintza salaketa faltsua ote den ikertzen ari dela adierazi du Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 03a
Salakteraren arabera, ustezko jipoia gertatu zen tokia (Argazkia: EITBren bideo bateko fotograma)

Gurasoen etxera bidean zela, Gasteizko Batan auzoan lau gaztek jipoitu egin zutela esanez salaketa jarri zuen 30 urteko emakume batek. Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen gertakariak argitu asmoz, baina hamar egunetan ez da inolako aurrerapenik egin, salatzaileak dioena frogatzera datorren aztarna bakar bat ere ez baita aurkitu.

Ustezko erasoa gertatu zen tokia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzaren atzealdean eta Ajuria Eneako jauregiaren ondoan kokatuta dago, kamera presentzia handiko eremuan. Baina Ertzaintzak arakatutako kameren irudietan, salaketan zehaztutako ordu-tartean ez da ez jipoirik ez lau pertsonako talderik ageri ingurumarietan; salaketa jarri duen pertsona bai ageri da filmatutako irudietan, baina bakarrik. Eremu horretatik urrunago eta denbora-tarte zabalagoan jasotako kameren irudiak aztertu artean adierazpenik ez egiteko hautua egin du Poliziak. Josu Erkoreka segurtasun sailburuak Bizkaia Irratiari egindako adierazpenetan, ordea, jakinarazi du momentura arte ikertutakoak salatzailearen kontakizuna gezurtatzen duela, eta salatzailearen aurkako ikerketa ireki dela, salaketa faltsua den argitzeko. Erkorekak publiko egindako informazioaren arabera, Ertzaintzak asteartean salatzailearen aurkako salaketa jarri zuen epailearen aurrean, balitekeelako emakumeak delituaren itxurak egin izana.

Salaketa, diskurtso arrazista hedatzeko muntaia?

Salaketa jarri zuen emakumeak Toro Tv-ri eskaini zion elkarrizketa probestu zuen, besteak beste, esateko hedabideak oinarrizko aspektu bat albo batera uzten ari zirela gertakariaz informatzerakoan: ustez jipoitu zuten lau pertsonen jatorria, alegia. Hala, eskuin muturreko telebistak emandako bozgorailua erabili zuen ustezko jipoiaren erantzuleak adingabe magrebtarrak zirela azpimarratzeko.

“Espainian gertatzen ari dena ikus dadin nahi dut, kaleetan dagoen gorrotoa. Izan ere, lau magrebtar ziren, ez ziren edonolako lau gazte. Nahi dut hori jakin dadila. Errealitatea da. Gure herrialdera sartzen uzten diegu halakoak egiten dituen jendeari. Eta ez naiz lehena eta ez naiz azkena izango. Ahots pixka bat eman behar zaio honi. Geldi dadila. Zuzenean, nire herrialdetik kanpo. Oso zorrotza izan beharra dago. Nirea susto bat izan da, baina zoritxarreko gertakaria izan zitekeen”. Ezagun da emakumeak eskuin muturrarekin duen lotura, 2015eko foru hauteskundeetan Vox alderdiko hautagai gisa aurkeztu baitzen.