argia.eus
INPRIMATU
Eskuin muturraren kontrako mobilizazioa Baionan
  • "Eskuin muturrari ez, justizia eta berdintasunaren alde" leloa lehen lerroan jarri eta ostegunean manifestazioa antolatu dute CGT, FSU, Solidaires, Solidaires Etudiant eta SAF sindikatuek, arrazakeriaren kontrako MRAP mugimenduak, Giza Eskubideen Ligak, Ligue de l’enseignement, NousToutes talde feministak eta Attac elkarteak. Igandean iraganen da Frantziako lehendakaritzarako bigarren itzulia, Emmanuel Macron eta Marine Le Penen artean.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 21a
Parisko manifestazio bat, bi itzulien artean buruturikoa (Argazkia: Reuters)

Igande honetan argituko da zein izanen den ondoko bost urteetarako Frantziako Estatuko presidentea: Emmanuel Macron ala Marine Le Pen. Eskuin muturrak boterera heltzeko aukerak dauzkala, horren aurka mobilizatzeko deia luzatu dute hainbat egiturek: CGT, FSU, Solidaires, Solidaires Etudiant eta SAF sindikatuek, arrazakeriaren kontrako MRAP mugimenduak, Giza Eskubideen Ligak, Ligue de l’enseignement, NousToutes talde feministak eta Attac elkarteak, besteak beste. Elkarren artean partekaturiko baloreak "gorroto, xenofobia eta demagogia nazionalistarekin bateraezinak" direla azpimarratuz, mobilizatzeko deia egin dute. Manifestazioa eginen dute ostegun arratsalde honetan, 18:00tan abiatuz Baionako herriko etxe aitzinetik.

Euskal Herriko hainbat hautetsien dei bateratua

Asteazkenean, apirilaren 20an Euskal Hirigune Elkargoko hamarnaka hautetsik dute "urgentzia demokratikoaren" aldeko dei bateratua luzatu. Eskuin-muturra boterera heltzeko arriskua "inoiz baino handiagoa" dela erranik, "egoera arrunta ez bihurtzeko" beharra azpimarratu dute. "Gure ardura moral eta politikoa da bozka eskubidea erabiltzea, okerrena saihesteko erabili ez izanaz ez damutzeko gisan".

Mezua zabaltzeko bozketa sinbolikoa antolatu dute apirilaren 20an Baionako herriko etxearen aitzinean. Besteak beste, Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapeza eta Euskal Elkargoko lehendakaria; Maider Arosteguy Biarritzeko auzapeza; Kotte Ecenarro Hendaiakoa; Jean-Michel Coscarat Baigorrikoa; Isabelle Pargade Hazparnekoa; Maite Pitrau Atharratzekoa; Vincent Bru eta Florence Lasserre diputatuak; edota Max Brisson eta Frederique Espagnac senatariak agertzen dira izenpetzaileen artean.

Azken zundaketek diotena

Macronek botoen %27,4 eta Le Penek %24 jaso zituzten apirilaren 10ean buruturiko lehen itzulian. Azken zundaketek Macron kokatzen dute garaile, baina ez ordea duela bost urteko aldearekin –botoen %66 jaso zituen 2017an eta eskuin-muturrak %34–. Apirilaren 21eko zundaketen arabera %56 lortuko luke Macronek.

Bezperan iragan zen bien arteko buruz-buruko politikoa, ia hiru ordukoa.