Hauteskunde europarrek emaitza esanguratsuak utzi dituzte Frantzian. Iritzi-azterketek iragartzen zuten bezala, eskuin-muturreko Frente Nazionala (FN) lehen tokian iritsi da bozen %25arekin. Horri esker, 23-25 eserlekuko eskuratu ditu, europar legebiltzarrean indarrarekin sartuz. Ipar Euskal Herrian ere emaitza onak lortu ditu, bigarren indarra baita. %15.21 bereganatu du Lapurdin, %11.94 Nafarroa Beherean eta %11.64a Zuberoan. Horrek adierazten du Marine Le Penek bultzatutako “desdemonizazio” estrategiak fruituak eman dituela, bere asmoa baitzen FNri normaltasun irudi bat ematea eta gobernu-alderdi gisa aurkeztea. Estrategia horri esker, hautesleri berriak erakartzea lortu du eta, bereziki, ikasketa maila apaleko, auzo txiroetako eta langabetu, prekario eta langileak erakartzea.
Eskuin-muturrak diferentzia handia atera dio bigarren alderdiari, UMPri alegia, soilik %20,2a lortu baitu (18-20 eserleku). Are gehiago, François Hollanden lehendakaritza eta Manuel Vallsen gobernua babesten duen Alderdi Sozialistak izugarrizko zigorra jasan du %14.3 eskuratzen baitu (13 eserleku). Horrek esan nahi du Hollanden zilegitasun-galera azkarra bezain nabarmena dela eta udal hauteskundeen ondoren iragarri duen gobernu aldaketak ez diola emaitza onik eman. Ulergarria da kontuan izanik 2012ko hauteskunde presidentzialetan bere alde bozkatu zuten hautesle askoak, ezkerreko politika bat espero zutela, bai Frantzian eta bai Europan. Horren ordez ikusi dute nola François Hollandek dogma neoliberalak bereganatu dituen, “ ardura paktua” horren adierazgarri hoberena delarik.