argia.eus
INPRIMATU
Xenofobia Europan
Eskuin muturraren gorakadaren aurrean geratzen zaiguna
  • "Gerrarte" sasoian, Frantziako Estatuko hauteskundeen lehenengo eta bigarren itzuliaren artean alegia, fenomeno interesgarri baten lekuko izan ginen, garbi islatzen duena Europan eskuin muturrak bizi duen egoera eta horren aurrean gainerako indar politikoek duten papera, bereziki ezkerrak.

Moha Gerehou @mohagerehou 2017ko abuztuaren 01
(Argazkia: Jordi BorrĂ¡s)

Frantzia Intsumisoko lider Jean-Luc Mélenchon ez zen gai izan Marine Le Penen aurkariarentzat, Emmanuel Macronentzat, botoa eskatu eta modu horretan Fronte Nazionalaren buruari frenoa jartzeko. Mélenchonen argudioa, Podemos homologo espainiarrek erosia, izan zen Macron bezalako jendearen politikek jarri zutela Le Pen Eliseoaren ateetan. Ondorioz, eta logika horren arabera, Macroni bozkatzea bultzada litzateke lauzpabost urtetan Le Pen Eliseora iristeko.

Europako testuinguruan izandako garrantziagatik eta eskuin muturraren paradigma izaki, Marine Le Penen kasua izan da hamarkadatan Europan ikusten ez zen moduko arrazakeriaren eta xenofobiaren gorakadaren sublimazioa. Eta ez da gertakari isolatua izan, bat-bateko goraldia edo antzeko zerbait, baizik eta eskuin muturreko mugimenduen gorakadarentzat giro ezin hobea ahalbidetu duten prozesu europar politikoetatik edaten duen prozesu geldoa.

Bai, eskuin muturrik bada Espainian

Fronte Nazionala ez da kasu isolatua, gure garaiaren ondorio baizik. Eta garai honetan politika berdinak aldarrikatzen dituzten figura gehiago ditugu, nahiz eta agian ez duten halako arrakastarik hauteskundeetan. Horregatik xelebrea iruditzen zait esaten dutenean Espainian ez dagoela eskuin muturrik, hori Frantzia, Holanda, Erresuma Batua edo Hungariako kontua dela. Halakoak entzun eta kontra-argudioetara jotzen dudanean, burura datozkit Marine Le Penen begirunea eta txaloak jasoko lituzketen adibide ugari, Fronte Nazionaleko egoitzan ohorezko tokia izango luketenak.

Javier Maroto Gasteizko PPko alkate ohia dut gogoan, Espainiako alderdirik bozkatuenak aldaketaren aurpegitzat duenetako bat, adieraziz magrebtarrak “batez ere laguntza sozialetatik” bizi direla eta ez dutela “lanerako edo integratzeko inolako asmorik”. Arrazakeria leporatuta salaketa jaso zuen, baina urtebetera artxibatu zuten, bizi dugun sistema arrazistaren oinarriak kolokan jartzera ausartzen den ia guztia bezalatsu. Eta esandakoa, Marotok aurrera jarraitzen du bere karrera politikoan eta ziurrenik unerik goxoenak bizi ditu, deklarazio horiek ez diotelako kalterik txikiena ere egin bere estatusean. Alderantziz, ikusitakoak ikusita, indartuta atera da.

“Eskuin mutur light” alderditzat hartzen duten askoren botoak erakartzen ditu PPk, eta Alderdi Popularretik atera gabe, Marine Le Pen frantziarraren edo Geert Wilders holandarraren bigarrena izan zitekeen beste politikari bat nabarmendu behar dugu: Xavier García Albiol, Kataluniako Alderdi Popularraren liderra eta benetako harribitxiak utzi dizkigun gizona.

Ezaguna da ijitoei dien ezinikusia; haiei buruz esan zuen “delituak egitera baino etorri ez den plaga bat” direla. Are gehiago, herri horrekiko duen gorrotoa kanpaina bateko leloa izan zen, “Badalona garbitzen” gogoangarri hura. Eta Nicolas Sarkozyk kanpamentuetatik ijitoak kanporatzea agindu zuenean, Albiol popularrak apustua handitu eta zera bota zuen: gutxienez haiek kanpamentuetan zeudela, baina “Espainian okerragoa da: auzoetan daude”.

Madrilgo Hogar Social ere gogora datorkit, migratzaileen aurka gogor egiten duen mugimendua. Nahiko erakunde berria izateak abantaila bat ematen dio: aurreko talde neonazien akatsetatik ikasi du. Europako eskuin muturraren beste hainbat talderen antzeko diskurtsoarekin (Italiako Casa Pound, esaterako), garai berrietara egokitu dira, faxismo 2.0 baten bidez. Solidaritate faltsua da eurena, etekin politikoa eta soziala ateratzea helburu duena, egungo gizartean jarraitzaileak lortzeko. Hori bai, esentziak mantendu egiten dituzte: zuriak ez direnen, homosexualen edota meskiten aurkako erasoak beraien DNAren eta historialaren parte dira.

Adibide horiek erakusten dute Espainiako Estatuko eskuin muturraren eta gainerako Europako eskuin muturraren arteko ezberdintasun bakarra dagoela ordezkaritza parlamentarioan, baina ez oinarri dituzten ideologi eta postulatuetan. Guztien sakonean dago osagai arrazista eta xenofoboa, nahiz eta ondorioak ezberdinak izan testuinguruaren arabera.

Ariketa sinple bat nahikoa da, hau guztia ulertzeko. Jende askok uste du arrazakeria poliziala okerragoa dela AEBetan, hemen baino. Eta ondorioei begiratzen badiegu, hala da. Baina apur bat gehiago sakontzen badugu, ikusiko dugu jatorrian ideologia bera dagoela: beltza beti da delituren bat egin izanaren susmagarri. Ezberdintasuna da herrialde bakoitzaren testuinguru kultural eta politikoa, ondorio ezberdinak ekartzen dituena. AEBetan, suzko armak gurtzen dituzten eta horien legaltasunak parekorik ez duen lekuan, azkenean ‘normala’ izaten bukatzen du arma daukan pertsona batek arrazoi arrazistengatik norbait geratu eta hura akabatzea. Baina ez daukat inongo dudarik gurean ere poliziak arraza arrazoiengatik asasinatutako pertsonen kopurua antzekoa litzatekeela, armak gure gizartean han bezain errotuta egongo balira. Horregatik gure borroka ez da gu hiltzeari utz diezaiotela (baita ere, jakina), gure azalaren koloreagatik ez gaitzatela gelditu baizik.

Politikarekin berdin-berdina gertatzen da. Eskuin muturraren ideologia bera da, baina testuinguruaren arabera ondorioak ezberdinak izan daitezke. Espainiako Estatuan Alderdi Popularra egotea, frankismoaren hurbiltasuna eta beste azalpen batzuk izan daitezke arrazoia instituzioetan eskuin muturrak ordezkaritza politiko eskasa izateko. Baina hori ez da aitzakia, gizarteak aldatu egiten direlako eta gaur balio duenak bihar agian ez. Horregatik du lehentasuna eskuin muturrari hasieratik hegoak mozteak, zabaldu ez dadin, epe laburrerako adabakiak jartzen aritu beharrean.

Holandako hauteskundeetako azken asteek erakutsi zuten zein punturaino eskuin muturrak lortu duen bere debateak gure ere bihurtzea, nola hitz eginarazten diguten dagoeneko gainditutzat ematen genituen gaiez, solasaldiak euren eremura eramateko

Porrota diskurtsoan

Frantziako Estatuko hauteskundeetara itzuliz, hainbat galdera sortzen zaizkit, eta ezkerreko alderdietan ez dut erantzunik aurkitu. Ezkerraren gehiengoan ez, behintzat. Mélenchonek adierazi zuen ezin zuela bere militanteen botoan eragin eta oinarriei galdetzearen esku utzi zuen Emmanuel Macronen alde bozkatzea, abstentzioa aukeratzea edo boto zuria hobestea.

Dikotomia faltsua da ordea, ezkerra presidentzialetan bigarren itzulira iristeko gai ez izan ostean sortua, Europa mailan duen ahultasuna eta eskuin muturrak irabazi duen eremu zabala islatzen duena. Eta batez ere, diskurtsoaren porrota agerian uzten duena.

Holandako hauteskundeetako azken asteek erakutsi zuten zein punturaino eskuin muturrak lortu duen bere debateak gure ere bihurtzea, nola hitz eginarazten diguten dagoeneko gainditutzat ematen genituen gaiez, solasaldiak euren eremura eramateko. Holandan ez zuen Geert Wildersek irabazi, baina lortu zuen herritar musulmanak zalantzan jartzea bihurtu izana hauteskunde aurreko eztabaidagai nagusia, ekonomia edo hezkuntza bezalako arlo transbertsalagoen gainetik. Kuriosoa da nola ematen dioten buelta errealitateari, pentsarazteko hezkuntzako edo ekonomiako arazoak atzerritarren errua direla, hain juxtu haiek direnean arlo horietako edozein atzerakadaren lehenengo biktimak.

Espainiako Estatuan, diskurtsoari aspalditik dario kirats arrazista. Immigrazioari lotutako informazioetan, salbuespenak salbuespen orokorrean eman ohi den ikuspegia aintzat hartzea baino ez dago: Melillako hesiaren kontrako “oldarraldiak” direla edo muga gurutzatu nahi duten talde “masiboak” direla; eta gaur 50, bihar 70 eta etzi 500 direla esango digute. Gogoratu gu ebolaz kutsatzeko helburuz etortzen ziren migratzaile haiek, eta ez etorkizun hobe baten bila, hainbat hedabideren arabera. Eta diskurtsoa ez da galdu soilik migrazio gaietan, baita eguneroko gainerako albisteetan ere. Adibidez, banda guztiak ez dira kriminalak, baina latinoez osatutako banda guztiak badirudi baietz.

Hedabideak lagun eraikitako diskurtso honetan, eskuin muturreko talde eta alderdiek abiapuntu ezin hobea dute euren ideologia askatu eta hedatzeko. Eta horretan espektro politiko guztiak du erantzukizuna, ezkerreko eta eskuineko. Alde batetik, herritar ez zuri edota migratzaileak borrero gisa irudikatzen dituzte beti, gaizkia bailiran. Eta bestela, biktimak gara, botererik gabeko izakiak, mota guztietako ezbeharren jomuga. Bi rol horietatik kanpo, ez dugu ezer. Ez gara existitzen subjektu politiko bezala, gizartearentzat eraikitzaile izango diren gizartekide bezala, boterea izateko eta gestionatzeko kapaz, ongiaren adibide. Arazoa gara, inoiz ez soluzioa.

Geratzen zaiguna

Dena ez dago galduta. Eskuin muturra ez da eta ez da izango garaiezina, harri berean bi aldiz estropezu egiten ez badugu. Eta oposizio ideologikoan daudenena da erantzukizuna.

Europako eskuin muturrari denen artean egingo diogu aurre, eta ez gutxi batzuek denen ordez. Arrazakeriaren kontrako borroka haien azaletan pairatzen dutenek lideratuko dute, matxismoaren kontrakoa emakumeek, homofobiaren aurkakoa LGBTI pertsonek… eta berdin gainerakoak. Ikuspegi hori albo batera utziz borroka hau irabazi nahi izatea litzateke iraganeko akatsetan erori eta erabateko porrotean jausteko lehenengo urratsa.

Denok, modu batean edo bestean, eskuin muturraren biktima baldin bagara, zergatik ez gara bat egiteko kapaz? Trump AEBetako presidentziara iritsi zenean, hari aurre egiteko erabilitako leloetako bat #Resist izan zen. Eta niri burura etorri zitzaidana izan zen, ea zergatik erresistitu behar duen diskriminaziorik gabeko munduaren alde dagoen ustezko gehiengo sozial horrek, diskurtso menperatzailea mantentzeko borrokatzen duen ustezko gutxiengoaren aurrean.

Aurre egingo dion mugimendua osatzeko garaian, ezinbestekoa da ezkerrak ulertzea subjektu politiko bateratu eta barneratzailea sortzearen garrantzia. Eta parean eskuin muturra jartzea, ñabardurarik gabe. Mélenchon entzun nuenean esanez bigarren itzulirako jarrera bat hartzeari uko egiten ziola, oso berekoia iruditu zitzaidan. Ni bezalako pertsona beltz batek, ideologia nazia duen batengandik jipoia jasotzeko aukera duenak, ez luke inoiz eskuin muturra boteretik ahal bezainbeste aldentzea beste aukera posiblerik planteatuko. Boteretik gero eta hurbilago daude, baina gure esku ditugu tresnak, atzera egin dezaten. Demokrazia eztabaidatu daiteke, baina faxismoaren eta eskuin muturraren aurka borrokatu egin behar da.