argia.eus
INPRIMATU
Eskuin muturraren eta polizia indarkeriaren biktimak omendu dituzte Nafarroan
  • Poliziak zein eskuin muturreko taldeek gauzatutako indarkeria politikoaren biktimen “aitorpenerako” omenaldia egin zuten larunbatean Iruñean. Talde parlamentario guztietako ordezkariak bertaratu ziren, UPN eta PP alderdietakoak salbu.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko otsailaren 20a

Omenaldiaren bitartez biktima hauek jasandako “ahanztura instituzionalari” aurre egin eta euren “duintasunerako eskubidea” defendatu nahi zuten, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak azaldu zuenez.   

Biktimen izenean hitz egin zuten hauetako batzuen senideek: 1978ko sanferminetan poliziak hildako Germán Rodriguezenak, 1985ean Bidasoa ibaian hilda agertu zen Mikel Zabalzarenak eta 1980an desagertutako Jose Miguel Etxeberria “Naparra”renak. Erakundeek orain arte kontuan hartu ez dituzten biktimak ere gogora ekarri zituzten: Mikel Arregi, Angel Berrueta, José Luis Cano, Mikel Castillo, Rafael Delas, Angel Gurmindo, Sara Fernández, José María Izura, Unai Salanueva eta Iosu Zabala.

Biktimen senideek eskertu zuten beste garai batzuetan “utopikoa” izango zen omenaldi hau. Gobernuari eskatu zioten, hala ere, “ausardiarekin” jardutea, “urte luzez estalita egon den errealitatea argitara ateratzeko”. Egiaren ezaguera eskatu zuten, “zauriak ixteko eta etorkizunari begiratu ahal izateko”.

Etorkizunari aipamena egin zion Uxue Barkos presidenteak ere: “Ahanzturaren bidetik ezin dugu aurrera egin”, adierazi zuen. Giza eskubideei buruzko akordio baten beharra aldarrikatu zuen, “bere ideiengatik inor gehiago hil ez dezaten”. UPN eta PP ez egotea kritikatu zuen eta “ezjakintasunak eragindako absentziak” zirela esan zuen.

Ordezkari politikoez gain, omenaldian parte hartu zuten Etxarri Aranazeko koralak, Julio Soto bertsolariak, Castillo Suárez poetak eta Etorkizuna dantza taldeak. Amaitzeko, krabelin gorriak ipini zituzten Jose Ramón Andaren Leihoa izeneko eskulturaren aurrean, “ahanzturaren aurkako argitasuna eta itxaropena” sinbolizatzen duena.

Ekitaldiaren bideoa zabaldu du Nafarroako Gobernuak: