Hauteskunde erregionalak egingo dituzte igandean Italia iparraldeko Emilia-Romana eskualdean. Azken inkesten arabera, Bost Izar mugimenduaren (M5S) deskalabru elektorala probestuz, Matteo Salvini Barne Ministro ohiaren Lega atera liteke garaile.
Automobilgintza industria eta Novecento film ezagunaren lurralde hau, Emilia gorria, historikoki Alderdi Komunista eta ezkerreko mugimenduen gotorleku izan da, hortik bere ezizena. Lan gatazken eta klase borrokaren sinbolo, bertan 75 urte jarraian gobernatu du ezkerrak. Lehen Alderdi Komunistak, orain zentro-ezkerrean kokatzen den Alderdi Demokratikoak (PD).
Salvinik hauteskunde guztiak probestu nahi ditu elektoralki oraindik duen indarra erakutsi eta gobernua higatzeko
Joera historiko hori eten egin daiteke igandeko zita elektoralean. Gailentzeko helburu argiarekin, asko izan dira Legako liderrak lurraldearen langile izaerari kanpainan zehar egindako erreferentziak. “Alderdi Demokratikoa ez da jada langileen alderdia, finantzario eta boteretsuen eskuetan dagoen alderdia da”, zioen pasa den astean, Ferrari auto marka sortzen ikusi zuen Maranello herrian emandako mitinean. Ezkerra bozkatzen duen hauteslegoaren bila dabil enegarrenez eskuin muturra.
Salvinik Italiako Barne Ministro zela Bost Izar Mugimenduarekin zuen gobernu hitzarmena hautsi eta estatu mailako hauteskundeak aurreratzeko estrategiarekin porrot egin ostean, Giuseppe Contek zuzentzen duen zentro-ezkerreko gobernuaren eraketa etorri zen.
Akats historiko horren jakitun, mugimendu ultraeskuindarra denbora gutxiren buruan gobernura itzularazteko xedean, igandeko hauteskunde erregionalak gobernu zentralaren gaineko plebiszitu moduko zerbait bilakatzea lortu du Salvinik.
Ultraeskuinak irabazteko dituen aukeren oso jakitun, lurralde honetan bertan sortu zuen lagun talde batek Sardinen Mugimendua
Eskuin muturrak irabazteko dituen aukeren jakitun, lurralde honetan bertan sortu zuen lagun talde batek “Sardinen Mugimendua” bezala ezagutzen den mugimendu herritarra, denbora gutxiren buruan Italia osora zabaldu dena. Mugimenduak ultraeskuinaren diskurtsoari aurre egitea du xede.
Asko izan dira Italiako hiri ugaritan mugimenduak buruturiko mobilizazioak. Bereziki handia izan zen pasa den igandean Bolonian –Emilia-Romanako hiriburuan– buruturiko ekimena, hedabide ugariren arabera 40.000 lagunek egin zuten bat deialdiarekin.
Legaren aurrean mobilizatzeko beharraren aldarriak agerian, ikusteke dago mobilizazio herritar inprobisatu hau nahikoa izango den igandeko hauteskundeetan ultraeskuina geldiarazteko. Azpiko bideoan Sardinen mugimenduak deituta, jendetza Bolonian Bella Ciao abesten.