argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Eskuin muturrak hazkundean jarraitzen du
Asier Blas Mendoza @AxiBM 2024ko ekainaren 10

Ez da egon tsunamirik eta beti bezala parte-hartzea baxua izan da. Halere, eskuin muturreko alderdiak eta, oro har, euroeszeptikoak, indartu egin dira. Kaltetu nagusiak zentristak izan dira: progresistak (Berdeak) eta liberalak (Renew Europe). Aldaketa hori Alemania eta Frantzian sustraitu da nagusiki. Marine Le Penen Bilgune Nazionalak izandako gorakadak eta Emmanuel Macronen koalizioaren beherakadak presidenteak parlamentua disolbatu eta hauteskundeak deitzera bultzatu du. Europan kezkaz ikusten da Alemaniarentzako Alternatibaren (AfD) igoera, nahiz eta kristau-demokratengandik (CDU) urruti gelditu den. Italian eskuin muturrek kromo aldaketak egin dituzte Lega eta Fratelli d'Italia alderdien artean, baina funtsean antzeko babesa mantenduko dute.

Centre for European Policy alemaniar think tank europazaleak eginiko ikerketaren arabera, euroa 1999tik indarrean sartu zenetik 2017ra arte frantziar bakoitzak 55.996 € eta italiar bakoitzak 73.605 € galdu zituzten batez beste; alemaniarrak aldiz, pertsonako 23.116 € aberastu ziren. Horrek azaltzen du Italian eta Frantzian eskuin muturrak arrakasta Alemanian baino lehenago lortu izana. Ordutik, kaltetu ekonomikoen kluba Alemaniara zabaldu da egungo gatazka geopolitikoaren itzalean. AEBek Europar Batasuna bahitu dutenetik alemaniar ekonomia burua altxatu ezinik dago. Hautesleen erantzuna aukera subiranista gisa identifikatzen dutenak indartzea izan da: AfD, CDU eta Sahra Wagenknecht Aliantza (BSW).

Iparraldeko Europan ezkerreko alderdiak indartu eta eskuin gogorrak apur bat ahuldu dira. Espainian berritasuna eskuin muturraren igoera izan da lau jarlekuetatik bederatzira pasatuta. Hungarian eta Eslovakian euroeszeptikoek irabazi dituzte hauteskundeak, Polonian eskuin muturrek 26 eurodiputatu atera dituzte, zentro-eskuinetik ezkerrerako alderdiek atera dituzten 27etatik gertu.

Edonola ere, praktikan gauzak ez dira asko aldatuko. Hauteskundeetako garaile izan den Europako Alderdi Popularrak bigarren talde parlamentarioa izango den sozialdemokratekin egingo du koalizioa. Bien artean gehiengo osora ailegatzeko nahikoa izango dute Renew Europe talde liberal-demokraten babesarekin, aurreko legegintzaldian bezala. Bestelako kontua da popularren taldean badirela alderdi batzuk eskuin muturretik gertu daudenak.

Baina ez du gehiegi axola, Europako Parlamentuak oso eskumen gutxi ditu edozein parlamenturekin alderatuta. Halere, ikusgarritasun eta botere sinboliko handia du. Horregatik, eskuin muturrak politika egiteko tranpolin bezala oso ondo erabiltzen daki. Bere aurkariek aldiz, batez ere indar aurrerakoiek, horiei aurre egiten nekez asmatzen dute, batez ere, nortasun antifaxista haizatzea estrategia nagusi gisa hartu dutelako, fenomenoa ulertzen laguntzeko ezinbestekoak diren elementuei protagonismoa eman gabe: europar erakundeen eta eliteen diskurtso supremazista, politika neoliberalak eta interes europarrak defendatzeko ezintasun geopolitikoa.