argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Analisia
Eskuin muturrak eskerrak Macroni

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko ekainaren 28a
Marine Le Pen, inguruan dituela Batasun Nazionala alderdiko diputatuak

Zortzi diputatu izatetik 89 izatera pasa da bost urtez eskuin muturra Frantzian. Hori horrela, lehen aldikoz talde parlamentario bat osatu dezake Marine Le Penen RN Batasun Nazionalak, horrek abantaila andana ematen diola: lehenik eta behin, sostengu finantzario kontsekuentea. Lehen itzuliko boto bakoitzak urtero 1,64 euro sarraraziko dizkio; hots, bost aldiz 7 milioi euro banatuko dizkio estatuak alderdi xenofoboari –diru publikoa, herritarrona–, RN diputatuei bost urtez banaturiko soldatez gain –beste 16 milioi euro–. Bulego zein bilera gela, azpiegitura askoz gehiago ukanen ditu ere, gertutasuna garatzeko balioko diotenak. Bere proiektua zabaltzeko espazio eta denbora gehiago ukanen du Legebiltzarrean berean –eta hortik oihartzun handiagoa jendartean–. Ideia diskriminatzaileen eta gorrotodunen hedapenari sekulako bultzada da talde parlamentarioa osatu ahal izana.

RNaren bilakaera esponentzialak osagai bat baino gehiago dauzka oinarrian: Le Penen diskurtsoaren eztitzea; zailtasun sozioekonomikoa eta etsipena; mainstream komunikabideek osaturiko giro aproposa; Macron presidenteak eskuin muturrari begira daukan jarrera; eta abar. Goazen hurbilagotik begiratzera azken horri. Eskuin muturrari bidea mozteko “fronte errepublikarra” osatzeko urgentzia goraipatu zuen Macronek presidentetzarako bigarren itzuliko Le Penekilako buruz burukoan –baita lortu ere, tartean hautesle ezkertiar anitzei esker–. Ez du hori bultzatu Legebiltzarretarako bozketan. Hein berean kokatu ditu bi muturrak, ezkerra zein eskuina: biak “desordena”, biak “arrisku”. NUPES ezkerreko batasunak irabaziz gero, gorriak boterera iritsi eta nahasmendua hedatuko zuten instituzioetan. Horra zabalduriko mezua. 1981ean, Mitterrand sozialistaren garaipenak “tanke sobietarrak [Parisko] Concorde plazara sartzea” eraginen omen zuen bezala... RN eta NUPESen artean izan da bigarren itzulia 62 barrutitan, eta Macronen alderdiak bakarrik seitan du NUPESen alde egitera deitu eta eskuin muturrari botorik ez emateko oharra hamabitan plazaratu du –beste 38tan ez du deus egin, eta seitan zuri bozkatzera deitu du–. Finean, barruti horietatik gehienetan eskuin muturra atera da garaile. Parlamentuan alderdi ttipi izatetik oposizioko talde nagusi izatera pasa da Le Penen alderdia, eta hori tarte biziki laburrean: bost urte iraun duen Macronen agintaldi bakarrean.