argia.eus
INPRIMATU
Eskuin muturrak betorako ahalmena eskura lezake Europan
  • Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dira ekainaren 6tik 9ra bitarte. Eskuin muturraren emaitza historikoak espero dira. Inkesten arabera, eskuinekoa den Europako Alderdi Popularrak eskuin muturreko bi aliantzen babesarekin zenbait lege onartu edo blokeatzeko ahalmena eskuratu lezake.

Xuban Zubiria @xubanzubiria 2024ko ekainaren 06a
Italiako Barne ministro Matteo Salvini eta Frantziako Fronte Nazionaleko Marine Le Pen beste hainbat agintari eskuindarrekin, maiatzaren 26an Milanen egindako bilkuran. Argazkia: EFE

Ekaineko hauteskundeetan nabarmen ugaritu litezke ordezkari ultraeskuindarrak Europako erakundeetan. Hala dio Diari Ara edota Euronews komunikabideek beraien orrietara eramandako Kanpo Harremanetarako Europako Kontseiluaren (ECFR) ikerketa batek. Horren arabera, lehen indarra izan daiteke eskuin muturra.

Europar Legebiltzarra 1952. urtean eratu zen, ordutik bi familia ideologiko nagusietako (eskuineko Europako Alderdi Popularra eta Europako Alderdi Sozialista) ordezkariek okupatu izan dute hemizikloa osatzen duten 705 eserlekuen gehiengoa. Datozen hauteskundeetan nabarmen gizendu liteke hirugarren familia bat, hainbat herrialdetako indar ultraeskuindarrek osatuko dutena, orain arte liberalek izan duten hirugarren postua eskuratzeraino.

Baina zer diote inkestek?

Europa Elects etxeak apirilean argitaratutako inkestaren arabera horrela geratuko litzateke Europako Legebiltzarra: Eskuineko Europako Alderdi Popularra izango litzateke lehen indarra 172-191 eserleku eskuratuta. Bigarren lirateke Europako Alderdi Sozialistako sozialdemokratak 129-145 eserlekurekin. 76-90 eserlekuren langan hirugarren postua eskuratzeko borrokan leudeke, EAJ barnean duen Europa Berritu liberalen aliantza, 2019an Matteo Salvini xenofoboak bultzatutako eskuin muturreko Demokrazia eta Nortasuna aliantza eta Europako Kontserbadore eta erreformisten aliantza.

Demokrazia eta Nortasuna aliantzaren barnean dira Alemaniako AFD alderdi ultraeskuindarra Frantziako Marine Le Penen Fronte Nazionala edota Herbereetan hauteskundeak irabazi dituen PVV alderdia. Espainiako Vox eta Italiako Giorgia Meloniren Anaia Italiarrak Europako Kontserbadore eta Erreformisten aliantzaren barnean aurkezten dira.

Azkenak ageri dira inkestetan berdeak eta Europako Ezkerraren Taldea, azken honen parte da EH Bildu.

Miguel Urban eurodiputatu ezkertiar ohiaren hausnarketak

Erradiografia zorrotza egin du Trumpismos liburuan azken legegintzaldian Bruselan aritu den eurodiputatu antikapitalista ohi Miguel Urbanek. Katakrak edota Kaxildan eginiko liburuaren aurkezpenak Europar Batasunaz eta muturrekoa den eskuin horren gainean hausnartzeko espazioak bilakatu dira azken hilabetean.

Hauteskunde europarren bezperetan La Boragine Santanderreko espazioan eginiko aurkezpenean azpimarratu du Europar Batasunak onartu berri duen Migrazio eta Asilo Itun berriak migrazio politikak gogortzeaz batera eskuin muturreko diskurtso xenofoboak normalizatzeko bidea ireki duela. Itunaren ondorioak Urko Apaolazak xehetu ditu berriki ARGIAren 2868 zenbakian.

“Miguel Urbanen esanetan onartu berri den Migrazio eta Asilo Itun berriak migrazio politikak gogortzeaz batera eskuin muturreko diskurtso xenofoboak normalizatzeko bidea ireki du”

Itun berriarekin gutxi ez eta Batasuneko 15 herrialdek irtenbide berriak eskatu dizkiote gutun bidez Europako Batzordeari “immigrazio-fluxu irregularrari” aurre egiteko. Beraien proposamenen artean sartu dute "hirugarren herrialde seguruekin" akordioak sustatzea asilo-eskatzaileen lekualdaketak errazteko. Irudi luke gisa horretako proposamen eta legediak onartuta Europar Batasuneko herrialdeak ari direla igandeko hauteskundeetarako eskuin muturraren mezua zabaltzen. 

Sare sozialen eragina

Ekainaren 9ko azken argazkian garrantzi handia izango dute lehen aldiz bozkatuko duten gazte europarrek, kontuan hartu behar da Belgikan, Alemanian edota Austrian 16 urtetik gorakoek dutela bozkatzeko eskubidea. Leticia Fuentes kazetari espainiarrak Arte telebista katean europar gaiak lantzen dituen asteroko saioan eginiko “Eskuin muturra gazteen mugikorretan murgiltzen da” erreportajean hauteskunde europarretan sare sozialek izan dezaketen eraginaz aritu da. Haren arabera gazteen artean ospetsuena den TikTok sare sozialean argia da mugimendu ultraeskuindarren nagusitasuna. Testuinguru horretan kokatu beharko litzateke Espainiako Estatuan Alvise Perez influencer eskuindarrak eratu duen Festa amaitu da mugimenduak ordezkaritza eskuratzeko aukera errealak izatea.

Hizkuntza gutxituen afera

 “Gazteen artean ospetsuena den TikTok sare sozialean argia da mugimendu ultraeskuindarren nagusitasuna”

Euskal prismatik begiratuta, azken legealdian euskara eta ofizialtasuna erdigunean egon dira. Kanpainan EAJk zein EH Bilduk ofizialtasunaren bidean pausoak emateko asmoa adierazi dute. Kataluniako independentistek Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioaren ondotik, katalana, euskara eta galiziera Europar Batasunean ofizial egiteko eskaera martxan jartzea lortu zuten 2023ko urrian. Ez da aurrerapauso handirik lortu ordea, urte bereko abenduan proposamenaren aurrean batasuneko zenbait kidek tartean Suediak edo Finlandiak adierazitako desadostasunaren ostean.

Urtarrilean Bilboko Euskalduna Jauregian lan munduan eta nazioartean hizkuntza gutxituek dituzten erronken gainean hausnartzeko Languages Lanean kongresua egin zen. Finlandiak eta Suediak egindakoa gogora ekarri zuen Europako gutxiengo nazionalak, nazionalitateak eta hizkuntza-talde autoktonoak defendatzeko koordinatzaile Johann Hägmannek, izan ere Finlandian jaioa bada ere bertako suediar hiztunen gutxiengoaren parte da. “Hau ez dute nire izenean egin” esanda eskatu zien barkamena bertan bildu ziren euskalgintza eta hizkuntza gutxituen aldeko eragile zein enpresei. Gehitu zuen Finlandiak eta Suediak hartutako posizioa ez dela kasualitatea eta hizkuntz gutxituen aldeko politikak aurrera eramateko erresistentziak errealitate izango direla datorren legealdian. Eskuin muturraren igoera hipotetiko batek egoera okertu egin dezakeela esanda amaitu zuen hitzartzea.