argia.eus
INPRIMATU
Honela ari da eskuin muturra gazteen sare sozialetan jaun eta jabe bihurtzen
  • Inor gutxi ari da fenomenoari erreparatzen, baina gazte gehien biltzen dituzten sare sozialetan eskuin muturra da jarraitzaile gehien duena, alde handiarekin. Espainiako Estatuko Vox alderdi ultraeskuindarrak, adibidez, asmatu du Tik Tok, Instagram eta YouTube erabiltzen publiko gaztearekin konektatzeko.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko martxoaren 11
Gazte gehien biltzen dituzten sare sozialetan eskuin muturreko mezuak dira hedatuenak.

Kontsumitzeko erraza den edukia eskaintzen duten sare sozialak dira arrakasta handiena dutenak gazteen artean, Silvia Martínez Universitat Oberta de Catalunyako komunikazioko irakasleak La Vanguardian azaldu duenez: “Erabiltzaile gazteentzako erakargarria da, batez ere adin nagusiagoko partaideak, beren gurasoak ere izan zitezkeenak, ez daudelako”.

Erraz eta bizkor kontsumitzeko mezua bilatzen dute gazteek. Horri eskuin muturreko alderdien mezu “informal eta probokatzaileak” gehituz gero, are erakargarriagoak bilakatzen dira sare horiek. Adibidez, Tik Tok sare sozial sortu berria eskuin muturrarentzat arrantzaleku bihurtzen ari da. Bertan alderdi politikoen kontu ofizialak sortzea debekatuta badago ere, eskuin muturreko mezu eta traolek dituzten bideoek ia sei aldiz bisita gehiago dituzte ezkerrekoenek baino.

Radarretik kanpo dauden biharko boto-emaileak

Datu esanguratsuak dira horiek, kontuan hartuta 10 eta 15 urte arteko adin txikikoen %90 Interneteko erabiltzailea dela. Tik Token kasuan, erabiltzaileen %41ek 16 eta 24 urte bitartean ditu. Gainera, gazte gehienek informazio politikora Tik Tok, YouTube edo Instagram bidez jotzen dute.

Sociométrica ikerketa taldeak argitaratu duenez, Espainiako Estatuko azkeneko hauteskundeetan 30 urtetik beherako gizonezkoen artean alderdi bozkatuena Vox izan zen.

YouTuben ere bideo ustez ludikoen atzean mezu kontserbadore eta autoritarioak zabaltzen dabiltzala adierazi du zenbait adituk. Hungarian eta Polonian, adibidez, arrakasta handia lortu zuten bideo horiek, eta AEBetako eskuin muturraren indartzeak ere fenomeno horrekin zerikusia duela argudiatu dute.

Twitter salbuespen

Gazteen artean gehien zabaldutako sare sozialetan nagusitasuna badute ere, eskuin muturrekoek Twitterren ez dute horrelako arrakastarik lortzen. Espainiako Estatuaren kasuan, bost alderdi nagusien artean jarraitzaile gutxien dituena da Voxeko kontua, eta gehien dituena berriz Unidas Podemosekoa, alde handiarekin. Hain zuzen ere, Twitterrek Voxen kontua blokeatu izan du, “gorrotoa bultzatzea” argudiatuta.