argia.eus
INPRIMATU
Eskuin muturra ari da kapitalizatzen Estatu Islamikoaren Alemaniako erasoa
  • Estatu Islamikoak beregain hartu du erasoa, Palestinako eta beste leku batzuetako musulmanen "mendekua" dela esanez. Eskuin muturrak inmigrazioaren aurkako mezuak hedatzeko baliatu du.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko abuztuaren 26a
Protestak Alemanian. Reuters.

26 urteko siriarrak, ustezko egileak, ostiralez egin zuen eraso, Alemania hego-ekialdeko Solingen hirian, hiriaren 650. urteurrena ospatzeko ekitaldi-festibalean. Labankadaz sastatu zituen dozena bat pertsona; hiru pertsona hil eta gutxienez zortzi zauritu zituen. Kaosa probestu eta ihes egitea lortu zuen erasotzaileak, Alemaniako Poliziaren arabera. Baina gizonezkoak Alemaniako polizia-etxe batean aurkeztu zuen bere burua hurrengo egunean. Aurreko orduetan, ordea, beste bi pertsona atxilo hartu zituen Poliziak, erasoaren planen berri izan zezaketelakoan. Horietako batek 15 urte ditu.

Estatu Islamikoak beregain hartu du erasoa, eta zera argudiatu, Palestinako eta beste leku batzuetako musulmanen "mendekua" dela. Erasoaren egilea Estatu Islamikoaren "soldadua" da.

Eskuin muturra, gertakaria kapitalizatzen

Datorren igandean, irailaren 1ean, hauteskundeak egingo dira Alemaniako Turingia eta Saxonia estatuetan. Solingen hirian gertaturikoa esku-eskura heldu zaio eskuin muturrari, eta hura baliatzen ari da. Esaterako, Alemaniari Alternatiba (AfD) eskuin muturreko alderdiak kanpainako leloa aldatu du: Höcke edo Solingen. Zeuk aukeratu –Björn Höcke beraien hautagaia da–. "Solingenekoa AfDrekin ez zen sekula gertatuko, ezta inmigrazio masiboa edo segurtasunaren kolapsoa ere", esan du Höckek sare sozialetan.

Turingia estatuan hauteskundeak irabazteko hautagai nagusia da AfD, botoen %30 eskuratuko duela baitiote inkestek. Saxonian, berriz, bigarrenak litzateke, CDUko demokristauen atzetik. Dena den, Solingeneko gertakariaren ostean, AfDren igoera gerta daiteke.

Eskuin muturreko hainbat taldek manifestazioa egin zuten Solingenen, igandean, eta inmigrazioaren aurkako diskurtsoak eta mezu arrazistak hedatu horrela. Esaterako, erasoaren egilearen nortasuna alderik alde zabaldu dute, baita esan ere, inork baieztatu gabe, 26 urteko gizonezkoak deportatua behar zuela izan, Alemanian bizitzeko baimena iraungita zuelakoan.

Ezkerreko zenbait eragilek kontramanifestazioa egin zuten kasik leku berean, eta istiluak izan ziren Poliziarekin.

'Bermigrazioa'

Kontzeptu hori darabil AfDk, Austriako eskuin mutur identitarioko Neue Rechte-k bezalatsu. "Eskuin Berria" gisa aurkezten du bere burua Martin Sellner austriar faxista gazteak. Aztoratzaile fama du, eta nazismoko kontsignak bistaratu izanagatik zenbaitetan ikertua izan da. Esaterako, Alemaniara bidaiatu nahi izan zuen martxoan, AfDren mitin batean parte hartzera, baina Alemaniako Gobernuak sarbidea ukatu zion.

Bermigrazioa defendatzen dute bai Neue Rechte-k eta bai AfDk. Hau da, migratzaile ororen deportazioa, herrialde bakoitza "herritar autoktonoena" soilik bailitzan. Lehenik, "legez kanpoko migratzaileak" kanporatu behar direla diote, premia bizia horretan dagoela argudiatuta; eta bigarrenik, herrialdean asentatuta dagoen etorkin oro, "herrialdearen izatea segurtatzeko".

Era berean, "familia tradizionala" defendatzen dutela diote, AfDko Peter Gerhard hautagaiari irakur ahal zaionez: "Gizona eta emakumea, ordena horretan, eta haurrak. Ez dugu homosexualitatea gaitzesten, baina familia tradizionala defendatzen dugu, herrialde honi haur propioak eman behar zaizkio-eta, premia larria dago".