Larunbat honetan aurkeztu du Frantziako gobernu berriaren osaketa Michel Barnier lehen ministroak. Eskuin muturreko RN alderdiak defendaturiko ideiak dituzten hainbat politikari eskuindar jarri ditu gobernuko karguetan. "Legetimitaterik gabeko gobernua" dela salatu du, beste behin, ezkerrak. Irailaren 23 honetan dute lehen ministroen kontseilua.
Irailaren 21ean aurkeztu du, azkenean, Frantziako Gobernuaren osaketa berria Michel Barnier lehen ministroak. Laburbiltzeko, zentro-eskuinekoez gain, eskuineko ordezkariak egonen dira gobernuan, eta tartean eskuin muturreko ideiak babesten dituztenak. Hala nola, Barne ministroaren kargua bideratu dio Bruno Retailleau-ri, hots, immigrazioaren aurkako postura gogorrak dituen senatari ohiari –etorkinen senideen etorrera gogortzeko neurrien alde, kanporaketak erraztearen alde, gutxieneko osasun arta etorkinei bideratzeko eskubidearen aurka, eta abar–. Tonua argi utzi du Retailleauk Barne ministro gisa emandako lehen adierazpen ofizialean: "Ordena berrezarri, ordena berrezarri, ordena berrezarri. Ordena da askatasunaren baldintza. Ordenarik ez denean askatasuna mehaxaturik dugu".
Tonua argi utzi du Barne ministro Bruno Retailleauk: "Ordena berrezarri, ordena berrezarri, ordena berrezarri. Ordena da askatasunaren baldintza. Ordenarik ez denean askatasuna mehaxaturik dugu"
LGBT herritarren eskubideen aurkakoak ere sarrarazi ditu gobernura Barnierrek. Gay eta lesbianentzako ezkontza eta adopzio eskubidearen aurka bozkatu zuen Laurence Garnier da Kontsumorako Estatu idazkari berria eta Laurence Garnier, berriz, Goi Irakaskuntzarako ministroa. Kontraerranak ez ditu izutzen eta Diskriminazioen aurkako Estatu idazkari berriaren kargua bideratu dio Othman Nasrou-i –honek ere gay eta lesbianen ezkontza eta adopzio eskubidearen aurka bozkatu zuen 2013an–. Egoera hain da kezkagarria, non eta orain arteko lehen ministro Gabriel Attalek ere azpimarratu dituen kargudun batzuekiko dituen "sakoneko desadostasunak", ondokoa adieraziz: "[Michel Barnierri] galdetzen diot argiki adieraztea ez dela atzera pausorik egonen laguntza bidezko ugalketari dagokionez, ezta abortoari eta LGBT komunitatearen eskubideei buruz ere”.
Frantziako Legebiltzarraren osaketa berria ez zuen kontuan hartu Emmanuel Macronek irailaren 5ean, Errepublikarrak alderdiko Michel Barnier lehen ministroa izendatzerakoan, eta hori horrela, gobernu berriaren osaketak ere ez du Parlamentuko errealitatea islatzen. FHB Ezkerreko Fronte Herritar Berriak irabazi zituen hauteskundeak uztailaren 7an, eta demokraziaren printzipioei segi, emaitza horiek kohabitazioa zekarten, hots, FHBko lehen ministro baten izendapena. Baina ez: eskuinera jo dute Macron eta Barnierrek, baita eskuinaren eskuinera ere… Azkenean, eskuin muturra dugu krisi politiko honetako garaileen artean. Berez porrota alimalea bildu duen eskuineko Errepublikanoak alderdia ere dugu harrigarriki garaile ateratzen den bestea: nahiz eta 2017ko ehun aulkietatik 39tara pasa, alderdi honetakoa da Barne ministroa eta berak osatu du gobernua.
"Macronisten pelikula katastrofikorako casting-a berria" ikusi bezain laster, "ahal bezain fite boteretik kentzeko" deia luzatu du ezker muturreko Frantzia Intsumisoa-ko ordezkari Jean-Luc Melenchonek. Ezkerreko ordezkari guztiek dute kezka eta haserrea plazaratu. "Legitimitaterik gabeko gobernua dago, Le Penen babesari esker zutik dirauena", Legebiltzarreko Frantzia Intsumioa taldearen presidente Mathilde Panoten hitzetan. Zentsura mozioa aurkeztuko du ezkerrak, eta eskuin muturreko RN alderdiak ere ez du aukera baztertzen.