argia.eus
INPRIMATU
Eskuin independentistak irabazi ditu Flandriako hauteskundeak
  • Flandriako Aliantza Berria alderdiak (N-VA) irabazi ditu igandean Flandrian egin diren udal eta eskualde hauteskundeak eta Bart de Wever alderdiko buruzagia izango da Anberesko alkate berria. Botoen %36,3 eskuratu ditu N-VAk eta De Weverren esanetan “itzuli ezinezko puntura” iritsi dira. Anberesko emaitza historikoa da, 90 urte baitzeramatzan alderdi sozialistak hiria gobernatzen.

2012ko urriaren 15a
Bart De Wever N-VAko buruzagia hauteskundeetako garaipena ospatzen.

De Weverrek garaipena baliatu zuen Belgikako lehen ministroari (Elio Di Rupo sozialista frankofonoa) estatua erreforma dezala eskatzeko. Flandriarentzat autonomia handiagoa eskatu du N-VAko buruak, Belgika konfederazio bihurtuz.

2010eko Belgikako hauteskunde orokorrak ere N-VAk irabazi zituen baina alderdi sozialistaren, deomkristauen eta liberalen elkar hartzearen ondorioz, gobernutik kanpo geratu zen alderdi independentista.

Flandriarren eta waloniarren arteko arazoak estatuaren egiturak aldatuta konpon daitezkeela uste du N-VAk eta horregatik, haren helburu nagusia Belgikan erreforma instituzionalak lortzea da, gradualki estatuko bi komunitateek botere handiagoak izan ditzaten, bakoitzak bere aldetik.

“Merkatu libreko ekonomia” babesten du alderdiak, neoliberal izatea ukatzen badu ere.

Bart De Wever buruzagiak hainbat polemika izan ditu eskuin muturreko kideekin izandako harremanengatik: 2007an, Anberesko alkateak II. Mundu Gerran hiriko agintariek juduen deportazioan kolaboratu izanagatik barkamena eskatu ostean, kritiko agertu zen. Eta urte bereko apirilean juduen holokaustoa ukatzen zuen Karel Dillen politikari flandestarraren hiletan izan zen.