argia.eus
INPRIMATU
Eskubide Sozialen Kartak “langileria pobretzeko estrategia bateratua” leporatu die Nafarroako Gobernuari eta patronalari
  • Chivite lehendakariak Foru Erkidegoaren egoerari buruzko eztabaidan paparra ateratzen ari zen bitartean, eragile sozialak Legebiltzarraren ate aurrean elkarretaratu dira azken agintaldiko bizitzaren garestitzea salatzeko. Azaroaren 19an Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan manifestatzeko deialdia egin du Kartak.

Mikel Urabaien Otamendi @mikel_ura 2022ko azaroaren 11
Argazkia: Eskubide Sozialen Karta

“Bizi kalitatea”, “begirada progresista”, lehentasun sozial argiak”, “egonkortasuna”, “harrotasuna”. Maria Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariaren hitzak Foru Erkidegoaren egoerari buruzko eztabaidan egoera sozio-ekonomiko paregabea deskribatzen ari ziren bitartean, egungo agintaldiaren irakurketa oso bestelakoa izan da Legebiltzarraren paretetatik kanpo: Gobernua eta Patronalaren arteko “langileria pobretzeko estrategia bateratu” baten ondorioz, “pobrezia estrukturala bilakatzen ari da”, ohartarazi dute Saioa Urriza eta Endika Perez Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren bozeramaileek.

“Diru sarrera eta bizi baldintza duinen alde, pobretzeari stop” lelopean, Kartako hamarnaka lagun Parlamentuaren parean elkarretaratu dira azaroaren 19an Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan egingo den manifestazioa iragartzeko. Iruñekoa Baluarteko plazatik aterako da 17.30etan.

Kartak aurkeztutako aldarrikapen taulak, honako neurri hauek biltzen ditu: gutxieneko 1.400 euroko soldata eta 1.260 euroko pentsioa KPIaren bermearekin; sektore energetikoen publifikazioa energia oinarrizko eskubide gisa aitortzeko eta trantsizio ekologiko erreala planifikatu ahal izateko; kalitatezko zaintza sistema unibertsala, hezkuntzarako inbertsioa handitzea, zor publikoaren auditoria edota pertsona guztien erregularizazioa. Hori guztia lortzeko, “gehien dutenek gehiago ordain dezaten sakoneko erreforma fiskala” exijitzen dio Kartak Chiviteren Gobernuari.

Presidenteak, ordea, “Afiliazio errekorra Gizarte Segurantzan” nabarmendu du osoko bilkuran egin duen diskurtsoan. Kartako ELA eta LAB sindikatuek, ordea, datu honen atzean ezkutatzen den langile pobreen errealitatea mahaigaineratu dute, are gehiago Nafarroako lehendakariak bere interbentzioan behin eta berriro aipatu duen pandemiaz geroztik. Chivitek onartu du, gainera, Errusia eta Ukrainaren arteko gerrak eragin duen “inflazioaren ondorioz hilabete gogorrak” datozela eta “asko dagoela egiteko”, baina gehiago zehaztu gabe.

Urrizaren iritziz, egoera ez da inondik inora agintariek paparra ateratzeko modukoa. Izan ere, datu ofizialek Kartak salatu duen “arriskuan dagoen pertsona kopuruaren etengabeko hazkundea” baieztatzen dute: Nafarroako biztanleriaren %14,7 pobrezia egoeran dago, pandemiaren aurretik baino %2,4 gehiago, AROPE tasaren arabera.