Eleak mugimenduak eta Libre dinamikako taldeek Konpromiso Eguna antolatu dute Donostian larunbaterako. Eskubide sozial eta politikoen aldeko lana bateratu, indartu eta egonkortu nahi dute datozen makro-epaiketei eta Mozal Legearekin batera etorriko diren erasoei begira.
Libre topaketen atarian, Txerra Bolinaga (Eleak Mugimendua) eta Joseba Alvarez (Libre dinamika) Info7 Irratiko Kale Gorrian saioan topaketen xehetasunak eman dituzte.
Donostiako Boulevarrean Aske Gunea eraiki zela bi urte beteko dira egun hauetan. Geroztik Herri Harresi eta antzerako hamaika dinamika jarri dira martxan Euskal Herri osoan. “Ekimen puntual baten moduan geratzeko aukera bazegoen ere, gizarteak dinamika barneratu du”, bat egin dute Bolinagak eta Alvarezek.
Aurreko urtean egindako topaketetan ateratako hausnarketei jarraikortasuna eman nahi diete larunbatean Donostiako Boulevardean eginen dituzten topaketetan: “Desobedientzia orain arte bezala makroepaiketen gaietara mugatzera baino, alor eta aldarrikapen ezberdinen erresistentzia eta borroka tresna bezala hartu behar dugu”.
Txip aldaketaren beharra nabarmendu du Bolinagak: “Azken urteetako mobilizazio sozialak zigortu nahi dituzte Mozal Legearekin. Gaurkotasuna duen arazoa da eta ikusten hasiak gara bere eragina”.
Mugimendua koordinatzea helburu duen eskubide politiko eta sozialen aldeko mugimenduaren artikulaziorako proposamena aurkeztuko dute larunbatean: “Eleak maila nazionalean jardungo duen bitartean, herri eta auzoetako Libre dinamikak maila lokalean eskubide politiko eta sozialen aldeko lanketa bere egiten hasiko lirateke”.
“Mugimendu sozial bakoitzak beregain hartu behar du eskubide politiko eta sozialen aldeko jarduna”, adierazi du Alvarezek.