argia.eus
INPRIMATU
Eskubide osoko 0-3 batengatik

Nafarroa 0-3 Plataforma 2022ko martxoaren 02a

Nafarroako haur-eskolek gerra-aizkora atera dugu lurpetik, eta guztien bila goaz zigortuaren eta ahaztuaren 0-3 zikloaren duintasuna lortzeko.

Pertsona baten hezkuntzako Lehen Zikloa da, eta eskubide osoz hartzen dugu, gainerako hezkuntza-zikloak bezala. Beraz, gure ume bakoitzak eskubide batzuk ditu, eta horien artean honako hauek daude:

- Bizitzako lehen etapan laguntza ona jasotzeko eskubidea –hori da, bide batez, garrantzitsuena–, maila fisikoan, intelektualean, afektiboan eta sozialean izaten baita garapen handiena.

- Baina, maila guztietan erabat garatu ahal izateko –bere atxikimendu-figuretatik bereizten den lehen aldia izanik–, erreferentziako hezitzailearekin lotura afektibo segurua izateko beharrezko baldintzak izateko eskubidea du; eta horrek lagundu egingo dio, baita ere, bizitzako hurrengo egokitzapenetan.

- Seguru sentitzeko eskubidea, errespetuzko giro atseginean. Baina hezitzailea eta espazioa partekatu behar baldin badu beste zazpi (0-1 urtean), edo hamaika (1-2 urtetan), edo hamahiru (1-3 urtetan), edo hamabost (2-3 urtetan) haurrekin, ezin da beti segurtasun fisiko edo afektibo hori bermatu.

- Orain arte aipatutako guztiagatik, bere unitatean bi pertsonaz lagundua izateko eskubidea du; bata eskuragarri ez dagoenean, bere premia fisiko zein emozionaletan bestearen arreta jaso ahal izateko.

- Haur-eskolara doan sartzeko eskubidea, gainerako zikloetara bezala; eta ez egotea baldintzatuta familiak ekonomikoki ahal duen ala ez.

- Lehen hezkuntza hori ama-hizkuntzan edo familiak aukeratutako hizkuntzan jasotzeko eskubidea: gaztelaniaz edo euskaraz, gure erkidegoko bi hizkuntza ofizialak baitira.

- Jolasaren eta esperimentazioaren bidez ikasteko eta garatzeko eskubidea; horretarako era guztietako esperientzia aberasgarriak eskainiko zaizkion giroan. Baina gehiegizko ratioek askotan ez dute horretarako aukerarik ematen; funtsean, jateko, garbitzeko eta atseden hartzeko eguneroko uneak hartu behar dira kontuan. Hau da, asistentzia hutsa.

- Hezitzaileak eta bere inguruan lan egiten duten pertsonek estresik gabe lan egiteko eskubidea; eta frustraziorik eta ezintasunik ez sentitzea, guztira eta guztiengana iritsi ezin direlako.

- Hezkuntza-lana eta egiten duten lanaren erantzukizun-maila aitortuta ikusteko eskubidea.

- Haur Hezkuntzako lehen zikloa kalitatezkoa izateko behar den guztia inbertitzeko eskubidea. Izan ere, gure umeak etorkizuneko helduak izango dira; eta nortasuna nola eratu den, orduan izango dira.

Horregatik guztiagatik, eta eskubide horien guztien defentsan, Nafarroako Gobernuari eta Hezkuntza Departamentuari eskatzen diegu lanean jar daitezela 0-3 zikloaren hobekuntzan.

Maika Armendariz Errea, Nafarroa 0-3 Plataforma