argia.eus
INPRIMATU
Hizkuntz eskubideak urratzeagatik enpresa pribatuen aurkako salaketak %23 igo dira EAEn
  • Hizkuntz Easkubideak bermatzeko Eusko Jaurlaritzaren Elebide zerbitzuak orotara 304 kexa jaso zituen 2013. urtean. Datu nabarmenena enpresa pribatuen aurkako kexak %23an igo direla da urte batetik bestera.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko apirilaren 22a
Merkatalguneetan euskaraz ezin egiteagatik kexak ugaritu egin ziren iaz (argazkia: El Correo).

Salaketen gehiengoa erakunde publikoetan euskaraz ezin adierazteagatik izan dira, hala nola Eusko Jaurlaritzan, Udal eta Foru Aldundietan. Erdia baino gehiagok administrazioak komunikatzeko gaztelania soilik erabili izana salatzen dute.

Bide seinale eta errotulazioetan erabilitako hizkuntzaren inguruko kexak ere nabarmen areagotu dira, ia 100era iritsiz. Bestalde, Interneten eta sare sozialetan egindako urratzeak salatzeko 33 kexa egin dituzte herritarrek

Elebidek adierazi du enpresa pribatuetan “oraindik hobekuntza asko” egin behar direla eskubide linguistikoekiko errespetua bermatzeko. Interes orokorreko zerbitzuetan, merkatalguneetan eta finantza edo aseguru-etxeetan euskara erabili ezinagatik jarri diren kexak hazi egin ziren iaz, ia kexen laurdena izateraino. Erabiltzaile eta kontsumitzaileek dituzten eskubideen inguruan informatzeko beharra adierazi du Elebidek.

123/2008 dekretuak eragiten dien enpresak informatu eta babestu behar direla azaldu du Elebidek. Dekretu honek euskaraz zein gaztelaniaz informatu eta errotulatzeko garaian bete behar dituzten betebeharrak ezartzen dizkiete enpresei.