argia.eus
INPRIMATU
Eskubide digitalak? Bai, eskerrik asko

Igor Calzada @ICalzada sarean.eus 2020ko abenduaren 02a

Teknopolitika hor dago, ikusezin, zelatari, ingurune digitalaren atzelari garaiezina. COVID-19 aroan, etengabekoa da; bere eragina, bere hatsa, gure kolkoetan. Izan ere, Amazonen bidez erosten dugun bakoitzean; tokian tokiko hornitzaile/saltzaile bat kate-baliotik kentzen dugu, data-opolies-en kaxa-beltzetan hezurmamitzen den algoritmo ahalguztidunari leku hegemonikoa eskainiz, konturatu gabe, inkontzienteki.

Hiperkonektu eta birializatua bilakatu zaigun post-COVID-19 gizarteak, adimen artifizialaren eskuetan, kateatu eta kondenatu egin gaitu. Ba al da alternatibarik? Derrigor, eta are gehiago, Europar Komisioak atzo argitaratu berri duen Data Governance Act arautegi berriak datuen partekatze altruista duenean jomugan. Agian hiritartasun molde digital, pandemiko eta algoritmiko berri honi tamaina hartzen diogun bitartean, alternatibak bilatu beharko genituzke, modu estrategiko batean, berandu baino lehen. Ez dago digitalki autoeratzen ez den gizarte eta ekonomia baino arrakala injustuagorik. Autoeraketa, bestalde, ezin da batzuen kontua izan soilik. Datuak eta algoritmiak urratzen dute gure egunerokotasuna, etengabeko konektibitate honen eremuan.

"Eskubideak aldarrikatzea ondo dago, baina alternatiba posible eta bideragarriekin batera badatoz bakarrik izango dute eragina"

Nola eragiten dio jadanik egun adimen artifizialak gure hiriei? Nola berreskuratu ditzakegu hiritarrok eta gure hiriek teknologia, azpiegitura eta zerbitzu digitalen eskaintza, datuak eta algoritmoak modu demokratiko batean erabiliz?

Tartean, eskubide digitalak zerrendatu eta aldarrikatzeari ekin diezaiokegu, nazioarteko eta Europako beste hiri eta lurralde askorekin batera, lehenengo urrats gisa, adibidez. Honatx abiapuntua:

(i) Interneten ahantzia izateko eskubidea; (ii) deskonektatua/desentxufatuta egoteko eskubidea; (iii) ondasun digitalaren jabe izateko eskubidea; (iv) norberaren integritate pertsonala teknologiarengandik babestua izateko eskubidea; (v) online adierazpen askatasunerako eskubidea; (vi) nortasun digitalaren jabegoa izateko eskubidea; (vii) algoritmoen erabilera garden eta zuhurra eskatzeko eskubidea; (viii) erabakitze-prozesu adituetan azken giza-eskumena izateko eskubidea; (ix) ekonomia digitalean aukera berdintasun eskubidea; (x) komertzio elektronikoan kontsumitzaile eskubideak; (xi) Interneten jabetza intelektuala edukitzeko eskubidea; (xii) Interneterako sarbide unibertsalerako eskubidea; (xiii) trebakuntza digitalerako eskubidea; (xiv) Interneten inpartzialtasunerako eskubidea; (xv) Internet segurua izateko eskubidea; (xvi) pribatutasun, datuen babes, eta segurtasunerako eskubidea; (xvii) Interneten demokrazia parte hartzailea, aniztasuna, eta inklusibitatea bermatzeko eskubidea; eta (xviii) zerbitzu digital ireki eta etikorako estandarrak izateko eskubidea.

Eskubideen atzetik, alternatibak beharko lukete etorri. Eskubideak aldarrikatzea ondo dago, baina alternatiba posible eta bideragarriekin batera badatoz bakarrik izango dute eragina. Araudiak, manifestoak, gutunekin batera, alternatiba eratzean dago erronka. Zeren eta, noren zain gaude?

Eskubide digitalak? Bai, eskerrik asko.