argia.eus
INPRIMATU
Eskualdeen eta metropolien arteko desoreka agerian utzi du Gaindegiaren mapa sozioekonomiko batek
  • Gaindegiak atlas interaktibo batean Euskal Herriko eskualdeen argazki sozioekonomikoa egin du. Oinarrizko zerbitzu publikoen gertutasuna askoz ahulagoa da periferiako eskualdeetan hiriburuetan baino.

ARGIA @argia 2019ko abenduaren 19a

"Euskal Herria lurralde polinuklearra dela maiz esan izan da, nahiz eta azken urteotan metropolizazio garai gogorra bizi dugun, harik eta, eskualde buruak ahuldu eta lurraldea desorekatzeraino". Hala ondorioztatu du Gaindegiak eskualdeen arteko argazki sozioekonomikoa egin ostean. Mapa batean, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako eskualdeen demografia, oinarrizko zerbitzuak edo lurraren erabilerari buruzko datuak jarri ditu bistan behategiak.

Oinarrizko zerbitzu publikoen gertutasunari dagokionez, Arabako Mendialdea eta ibarrak, eta Nafarroako Pirinioak oso baztertuta ageri dira mapa horretan. Orokorrean, Nafarroako eskualde askotan sumatzen da zerbitzu publikoak Bizkaian eta Gipuzkoan baino askoz urrunago daudela.

Lurraldearen artifizializazioan konparaketak egiteko aukera ere ematen du atlasak. Hala, gehien artifizializatu diren eskualdeen artean daude Arabako Lautada –Gasteizko hirigintza zabalkundeagatik, hein handi batean–, Donostialdea, Lapurdiko kostaldea –Baiona, Biarritz eta Angelu inguruak– eta Bilbo Handia. Nekazal lur gehienak, berriz, Nafarroako hegoaldean, Arabako Errioxan eta Nafarroa Behereko iparraldean daude –Amikuze eta Bidaxunen, batez ere–.

"Hiriguneak metropolizatzen ari dira –dio Gaindegiak–. Hortxe dago makro-eskualdeen mapa berria, zeinak hiriburuez gain, inguruko gero eta lurralde eremu zabalagoa hartzen duen". Ondorioz, eskualde-buru izandako udalerri garrantzitsuek gero eta ahultasun handiagoa erakusten dutela ohartarazi du behategiak eta iraganean betetzen zituzten zerbitzu eta funtzioetako asko jadanik ezin dituztela eskaini.