argia.eus
INPRIMATU
Eskualdea, ezkerrean
  • Beste behin ere, 1998tik Akitania Berria eskualdeko presidentea den Alain Rousset sozialistak irabazi ditu hauteskundeak, botoen %39,51 eskuraturik bigarren itzulian.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko ekainaren 28a
Rousset, bozkatzen (Irudia: @al_rousset)

Alain Roussetek parean zituen lau lehiakide: botoen %19,11 bildu dituen eskuin muturra, zentro-eskuina (%14,19), ekologistak (%14,19) eta Macronen alderdiari loturikoa (%13,01). 183 aulkietatik 101 aulki ditu beraz gehiengoak, 26 aulkirekin oposizioko lehen indarra delarik eskuin muturra. Aitzineko kargualdian ez bezala, hemeretzi kontseilari dituzten ekologistek ez dute aldi honetan adostasunik lortu Roussetekin gehiengotik aritzeko.

Lehen itzulian bezala, emaitzak ezberdinak izan dira Ipar Euskal Herrian, ezkerra indartsu kokatuz eta eskuin muturra azken geldituz. Roussetek bozen %36,80 lortu du, Nicolas Thierry ekologistak %20,39, Genevieve Darrieussecq macronistak %15,05, zentro-eskuineko Nicolas Florianek %14,59 eta eskuin muturreko Edwine Diazek %13,19.

Akitania Berrian bezala, orokorrean Frantziako Estatu osoan du LREM Emmanuel Macron presidentearen alderdiak zaplaztekoa bildu. RN eskuin muturraren porrota ere begibistakoa da, eta nonbait sorpresa ere, boterera heltzeko esperantza handia bazuten ere, azkenean ez dutelako eskualde bakar bat ere irabazi hauen hautagaiek. Europe Ecologie-ko ekologistak pozik agertu dira, 2015ari alderatuz hirukoiztu dituztelako jasotako botoak.

Aldi honetan ere abstentzioa biziki handia izan da, %63,43koa (lehen itzulian %64,04koa zenean). Emaitzak baloratzeko orduan, parte-hartze eskas horri buruz kezkaturik agertu da Rousset bera ere, Frantzian gehiegizkoak diren zentralismo eta jabonismoari lotuz herritarren eta bozketen artean dagoen arrakala hau.