argia.eus
INPRIMATU
Arnaldo Otegi (EH Bildu)
“Herri honetan alternatiba ezkerreko independentismoa da”
  • "Hemen posible da burujabetzaren aldeko ibilbide orri bat sustengatuko duen gobernu bat osatzea. Posible da murrizketen kontrako politika egitea. Gehiengo bat badago. Hemen posible da presoak etxeratzeko pausoak ematea"

ARGIA @argia 2016ko irailaren 25

"Lehenik eta behin eskerrak Alfonso Sastre eta nire inhabilitazioaren kontra sinadura eman zenuten guztiei, eta kartzelan dauden preso, erbesteratu eta senide guztiei.

Duela bi hilabete batzuen ametsa zen herri honetan ezker soberanista desagertzea, laugarren indar bilakatuta ez etorkizunik izatea. Baina bigarren indarra gara, 17 eserleku lortu ditugu, eta oraindik 18.a dugu jokoan! Horregatik, herri honetan alternatiba ezkerreko independentismoa da, alternatiba herri honetan EH Bildu da. EAJ zoriontzen dugu, irabazi duelako, baina argi dugu zerua irabazteko jauzia gaur hasten duela EH Bilduk.

Zorionik beroena eta eskerrak bozka eman diguzuenoi. Oso emaitza txarretatik gentozen, lurra jota gentozen, eta bozak oso garrantzitsuak dira, baina oso garrantzitsua da zuen irriak ikustea, zuen aurpegiak, zuen poza ikustea.

Baina gaur serio jartzeko eguna ere bada. Ekitaldietan esan egin dugu eta gaur baieztatu da: 75 jarlekutik 57 edo 58 jarlekuk diote hau erabakitzeko eskubidea duen herria dela. Gehiengo handiez eta gehiengo transbertsalez hitz egiten duten horiek hementxe dute gehiengo bat. Baita ere gehiengoa gara herri honetan murrizketa politikak bukatu behar direla diogunok. EAJk erabaki behar du bizikleta estatiko baten moduko gobernua nahi duen, PSErekin paktua eginda. Gu konbentzituta gaude herri honen gehiengoak argi duela norekin nahi duen EAJk paktua egin dezan. Eskua luzatzen diogu EAJri berriro, eskaintza egiteko. Solemneki esaten dugu: hemen posible da, burujabetzaren aldeko ibilbide orri bat sustengatuko duen gobernu bat osatzea. Posible da murrizketen kontrako politika bat egitea. Gehiengo bat badago. Hemen posible da presoak etxeratzeko pausoak ematea".