Bideojoko berri bat aurkeztu du, esku-pilota diziplina batean oinarrituta dagoena. Munduko zazpi frontoi agertuko dira, haietako bat, Euskal Herriko bakarra, Bilbokoa.
Esku-pilotaren diziplina “berri eta moderno” gisa definitu dute FrontBall kirola bideojokoaren webgunean. 2008an sortu zen kirola eta Euskal Pilotaren Nazioarteko Federakuntzaren eta Espainiako Pilotaren Federazioaren laguntza jaso du PlayStation enpresak jokoa aurrera eramateko.
Bilbon garatu dute eta hiria ere ageri da jokoan. Izan ere, entrenatzeko frontoi itxi batez gain, zazpi frontoi irekitan jokatzeko aukera eskainiko du bideojokoak. Munduko hainbat hiritan egongo dira frontoi horiek: New York, Mexiko Hiria, Miami, Dubai, Tokio, Madril eta Bilbo. Bizkaitar hiriburukoa izango da Euskal Herrian kokatuta egongo den frontoi bakarra.