argia.eus
INPRIMATU
Eskoziarrek beste erreferendum bat eskatu dute hautetsontzietan
  • Erreferenduma programan zeraman independentismoak gehiengo absolutua lortu du. SNP alderdia eta bere buru Nicola Sturgeon izan dira osteguneko hauteskundeetako irabazle nagusiak, baina Berdeen eserlekuak beharko ditu gehiengo absolutua osatzeko. Emaitzak ezagutu ondoren, Boris Jhonsonek Gales, Irlanda eta Eskoziako agintariak gonbidatu ditu “nazioen goi-bilera batera”, Erresuma Batuaren batasuna indartu asmoz.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 10
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa, hauteskundeen emaitzak baloratzeko agerraldian. Irudia: bbc.com.

Eskoziako Alderdi Nazionalak legebiltzarreko 129 eserlekuetatik 64 lortu ditu, gehiengo absoluturako bakarraren faltan. Berdeen alderdiak independentziaren aldeko jarrera argia du Eskozian, eta zortzi eserleku ditu. Bi alderdien artean, hortaz, erreferenduma bultzatzeko gehiengo absolutua dute. Hauteskundeetara aurkezten den hirugarren indar independentista Alba Party da, Alex Salmondek aste batzuk lehenago aurkeztu zuena, baina ez du ordezkaritzarik lortu –Eskoziako lehen ministro ohi izan zen Salmond SNPrekin, baina politika utzi zuen hainbat emakumek sexu abusuengatik salatu ostean–. Bigarren indar bozkatuena Alderdi Kontserbadorea izan da. 31 eserleku lortu ditu eta unionisten arteko lehian laboristei nagusitu zaio. Alderdi Laboristak gainbeheran jarraitzen du. Hamarkadetan nagusi izan zen indarrak 22 ordezkari izango ditu Eskoziako Legebiltzarrean.

Beste erreferendum bat?

“Argiak izan gaitezen Eskoziak ostegunean bozkatutakoaren inguruan. Eskoziako herriak alderdi independentistei Eskoziako Parlamentuan gehiengoa emateko bozkatu du. Orduan, erreferendum bat ezin da deskribatu nire edo SNPren eskaera soil gisa”, adierazi du Sturgeonek emaitzak ezagutu ondoren. Erreferenduma bultzatzeko asmoa berretsi du, “behin COVID-19aren krisia atzean utzita”. Orain galdera nagusia da erreferendum hori noiz eta nola planteatuko duen independentismoak, eta Londresek onartu ezean zer egingo duen. Berdeek zein SNPk Londresekin adostuta egitea lehenesten dute, baina Jhonsonek hauteskundeen aurretik argi adierazi du ez duela horrelakorik baimenduko.

Jhonsonen erreakzioa

Emaitzak ezagututa Britainia Handiko lehen ministro Boris Jhonsonek “nazioen goi-bilera” batera gonbidatu ditu Eskoziako, Ipar Irlandako eta Galesko buruzagi politikoak. Helarazi dien gutunean, bileraren helburua “erronka komunei” aurre egitea dela azaldu die Jhonsonek. Erronka horiei aurre egiteko “hurrengo hilabete eta urteetan elkarrekin” lan egitera gonbidatu ditu, “elkarrekin lan egiten dugunean herrialdea hobeto zerbitzatzen” dela azpimarratuz.