Eskoziako Parlamentuan egindako hitz hartzean eman du horren berri Nicola Sturgeon Eskoziako Lehen ministroak. Aurkezpenean, kritikatu egin du Erresuma Batuko Gobernuak orain arte ukandako "blokeo jarrera".
Independentziari buruzko bigarren erreferenduma 2023ko urriaren 19an egitea proposatu du Nicola Sturgeon Eskoziako Lehen ministroak. Gaur argitaratu du bozketa arautzeko eta antolatzeko lege proiektua.
Erresuma Batuko Gobernuaren baiezkorik lortu gabe ere bozketa egin ahal izatea du xede Lehen ministroak. Zentzu horretara, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenari galdetuko diote lege proiektuaren edukia legezkoa den. Epaileek iritzia eman arte, Eskoziako Parlamentuak ez du testu horretaz eztabaidatu eta bozkatuko.
Erresuma Batuko Gobernuak orain arte ukandako "blokeo jarrera" kritikatu du Sturgeonek. Hain zuzen, 2014an egindako lehen erreferendumaren antolaketa bera nahi du Eskoziako Gobernuak, baina Boris Johnson Erresuma Batuko Lehen ministroak behin eta berriz ezetza erantzun izan dio.
Lehen galdeketa 2014ko irailaren 18an egin zuten eta Erresuma Batuan geratzearen alde agertu zen gehiengoa, botoen %55,3 bilduta. Hala ere, gaur egun gehiengoa dute independentistek Eskoziako Parlamentuan. Iazko maiatzean, 64 aulki lortu zituen Sturgeonen SNP alderdi independentistak eta alde dagoen Alderdi Berdeak beste zortzi.