Eskoziarrek bi urte barru egitekoa duten erreferendumean independentziaren alde egingo balute, Espainiak erabaki horri betoa jarriko lioke, The independent egunkariak jakinarazi duenez.
Egunkari britainiarraren arabera, espainiar agintariek ez dute Eskoziaren independentzia begi onez ikusten, Kataluniako eta Euskal Herriko "separatistei" adorea emango liekeelako.
Vilaweb agerkari katalanak gogorarazten duenez, Kosovoren independentzia ere ez zuen onartu Espainiako Estatuak. Europako estatu gutxi izan ziren Kosovoren independentzia onartu ez zutenak.
Iñigo Urkullu: "Eskozia bera Euskadira begira dago"
Besteren artean, Eskozian egitekoa den erreferendumari buruz mintzo da Iñigo Urkullu EAJren EBBren lehendakaria, Berriak igandean plazaratutako elkarrizketan. "Eskozia bera Euskadira begira dago. Zinez diot, zintzotasun osoz, Eskozia Euskadira begira dagoela", dio Urkulluk: "Baina guk ere badugu zeri begiratu Eskoziari dagokionez: erabakitzeko eskubidea erabiltzeko aukera. Eta hori da guretzat adibidea. Ez dakit zein galdera egingo duen SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak, edo Alex Salmond lehen ministroak, ez dakit zein den galdera, baina bada bide bat, eta bidea da guk ispilu moduan begiratzen duguna".