Alex Salmond Eskoziako ministro nagusiak jada adostu du Espainiako Gobernuarekin Eskoziak independentzia lortzen badu, onartu egingo duela.
Salmondek berak eman du berria The Scotsman egunkarian. Osteguneko erreferendumean independentziak irabazten badu, Europar Batasunean jarraitzeko trabarik jar ez dezan negoziatu du Salmondek Espainiako presidentearekin.
Frantziako, Italiako eta Belgikako gobernuek ere onartu egingo dute herritarren erabakia, independentziaren aldekoa zein kontrakoa izan.
Salmonden gobernuko talde bat "ekintzara pasa" eta baiezkoak irabaziz gero, Eskoziak Europar Batasuneko 28 herrialdeen babesa beharko duela aintzat hartuta, lanean ari direla azaldu du ministro nagusiak.
EBko herrialde gehienek Eskoziaren independentzia onartuko dutela dirudi. 2008an Kosovok independentzia aldarrikatu zuenean, gehiengoak onartu zuten, Frantziak barne, baina ez ordea Espainiak.
“Eskozia onartzen badute, baita Krimea ere”
Bestetik, Serguei Aksionov Krimeako lehen ministroak adierazi du Eskoziaren independentzia onartzen badu, “mendebaldeak ez duela Krimearen independentzia onartzea beste aukerarik izango”.
“Edozein herrialdetako biztanleriaren gehiengoak bere independentzia estatutuaz erabakitzen badu, nik pertsonalki babesten dut”, baieztatu du Aksionovek.
Nazioartean babes urria du Krimeako penintsularen anexioak. Europar Batasunak legez kanpokotzat jo du Errusiara batu izana; horren erakusgarri, erakundeak ez ditu onartu igandean Krimean eta Sebastopolen egindako hauteskundeak.