argia.eus
INPRIMATU
Sturgeon: “Kontserbadoreak beldur dira, badakitelako aukera ematen digutenean independentzia hautatuko dugula”
  • Eskozian independentziari buruzko bigarren erreferenduma deitzeko eskumenak eskatu zituen abenduan Eskoziako lehen ministroak, eta ofizialki erantzun dio orain Erresuma Batuko lehen ministroak: eskumenak ukatu dizkio. Independentziaren alde 80.000 lagun batu dituen Glasgowko martxaren ostean dator erantzuna.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 14a
Argazkia: The Times

Aurreikusitako erantzuna jaso du Nicola Sturgeon Eskoziako Gobernuko lehen ministroak. 2014ko erreferendumean herritarrek Erresuma Batuan mantentzeko hautua egin zutela eta orain elkarrekin lan egiteko garaia dela adierazi du Johnsonek, “daukagun botere guztia garatzeko”.

Sare sozialetan erantzun du Sturgeonek: kontserbadoreak beldur direla dio, “badakitelako aukera ematen digutenean independentzia hautatuko dugula. Demokrazia ukatzen ari dira, ez da sostengatuko”. Hilabetea bukatu aurretik hurrengo urratsen berri emango dutela gaineratu du, “eta Eskoziako Parlamentuari galdekatuko diogu berriz, gure etorkizuna aukeratu ahal izateko eskubidea babestu dezan”.

Kaleak hartu dituzte

All Under One Banner herri mugimenduak deituta, independentziaren aldeko zortzi martxa iragarri dituzte 2020rako, eta joan den larunbatean egin zuten lehena Glasgow hirian. 80.000 lagun atera ziren kalera, antolatzaileen arabera. Independentziaren aldeko presio herritarra areagotzea dute helburu.