Eskoziako lehen ministro ohi Alex Salmond atxilotu dute, bi emakumek bere aurka sexu jazarpen salaketak jarri ostean.
Asteazken gauean atxilotu dute Alex Salmond. The Guardianen irakur daitekeenez, oraindik ez dira argiak egozten dizkioten delituak, ezta noiz pasako den epailearen aurretik ere.
Poliziaren bozeramaile batek ondorengoa adierazi du: "Baiezta dezakegu 64 urteko gizon bat atxilotua eta akusatua izan dela, eta fiskalari txosten bat bidali zaiola".
The Guardianek informatu duenez, Eskoziako polizia Salmond ikertzen ari zen era sekretuan, bi emakumek jarritako salaketen harira. Bertan adierazi zuten orain hainbat urte sexu jazarpena egin ziela lehen ministro ohiak.
Joan den abuztuan, sexu jazarpenarekin lotutako salaketa hauek publiko egin ziren Eskozian. Salmondek salaketak ukatu zituen.
Alex Salmond 2007an Eskoziako lehen ministro izendatu zuten eta herrialdea independentziarantz eraman zuen, 2014ko erreferendum historikoa gutxigatik galdu zuen.