Sturgeon presidenteak erreferendum “legezkoa” agindu du, Erresuma Batuaren baimenik gabe balitz ere. 2023rako aurreikusten du gobernuak erreferenduma.
“Independentziaz hitz egiteko garaia da”, adierazi du asteartean Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak. Eskozia 2014ko erreferendumaren garaian baino “prestatuagoa” dagoela iritzi dio Sturgeonek, eta erreferenduma herritarren nahia dela –2021eko maiatzean egin ziren parlamenturako hauteskundeak Eskozian, eta independentismoak gehiengo absolutua lortu zuen–.
Etorkizuneko erreferendumari begira gaurdanik independentziaren aldeko argudioak bilduko ditu gobernuak, eta asteartean horietariko lehena aurkeztu du Sturgeonek, Aberatsago, pozago, bidezkoago. Zergatik ez Eskozia? izenekoa. Sturgeonek defendatu du Eskoziari mesede egingo liokeela independentziak, baina edonola ere hautuak “informatua” izan behar duela.
2023an, baimenarekin edo gabe
Erreferenduma 2023 urtea amaitu aurretik egitea aurreikusten du gobernuak. Lehen urratsa Eskoziako Parlamentuan hori jasotzen duen lege proiektua aurkeztea litzateke. Hori da SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak urtarrilean aurkezturiko asmoa, eta Sturgeonek azaldu du aste batzuetan “eguneraketa garrantzitsua” aurkeztuko duela. Orain arteko bideari eutsiz gero Sturgeonek Erresuma Batuko lehen ministro Boris Johnsoni eskatuko lioke erreferenduma egiteko baimena, eta Johnsonek ezezkoa emango luke. Baimenik ezean, ordea, “legezko” erreferenduma agindu die Sturgeonek herritarrei: “Aurrera jarraitzeko legezko bide bat ezarriko dut, beharrezkoa baldin bada. Erresuma Batuko Gobernuak ez ditu demokrazia eta Zuzenbidezko Estatua errespetatzen. Eskoziako Gobernuaren buruak adierazi du Erresuma Batuko lehen ministroak ez duela “autoritate demokratikorik Eskozian, ezta gehiengo moralik inon ere”.
Unionistak, aurka
Sturgeonen iragarpenaren aurrean, Johnsonek adierazi du ez dela “garaia” erreferendumak sustatzeko. Eta Eskoziako Alderdi Kontserbadoreak zein Alderdi Laboristak Sturgeonen “obsesioaz” mintzatu dira, erreferendumaren legitimitatea auzitan jarri nahian.