argia.eus
INPRIMATU
Londresen baimenik gabe, erreferendum legalik ez
Eskoziari erabakitzeko eskubidea ukatu diote Erresuma Batuko Auzitegiek
  • Bi hilabeteren buruan eman du ebazpena Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak: Eskoziako parlamentuak ez du independentziari buruzko galdeketaren inguruko legeak egiteko eskumenik, ezinbestekoa da horretarako Westminsterreko parlamentuaren onespena.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 23a

Aho batez hartu dute erabakia Auzitegi Goreneko epaileek, eta Eskoziako independentistentzat kolpe gogorra bada ere espero zitekeen emaitza da. Eskoziaren independentziari buruzko bigarren erreferenduma Westminsterren onespenik gabe egiteko aukera zegoen mahai gainean.

Aukera hori atzera bota du Auzitegi Gorenak, Eskoziako parlamentuak Erresuma Batuaren batasuna zalantzan jarriko lukeen auzi baten gaineko eskumenik ez duela argudiatuta. Hain zuzen ere, Erresuma Batuari dagozkion hainbat "auzi erreserbatu" Eskoziako parlamentuaren eskumenetik at daude, hala nola estatuaren batasunari, monetari eta atzerri politikari dagozkionak.

Erreferendumaren emaitzak Eskoziako hautesleriaren ikuspegiaren adierazpen demokratikoaren autoritatea izango lukeela adierazi du Auzitegi Gorenak, eta emaitzak zalantzan jar zezakeela Eskoziaren eta Ingalaterraren arteko lotura eta Erresuma Batuko Parlamentuaren subiranotasuna.

SNP alderdiak autodeterminazio eskubidea argudio gisa hartuz egindako eskaria ere atzera bota du Auzitegi Gorenak, baliogabetzat joz. Kanadako Auzitegi Gorenak Quebeci dagokionez hartutako erabaki bat hartu du adibidetzat Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak: haren ustez, "kolonia ohiei, zapaldutako herriei eta gobernurako sarbidea ez duten taldeen" kasuan soilik du zentzua autodeterminazio eskubideak nazioarteko legedian ulertzen den bezala, eta ez Quebec ezta Eskozia ere ez dira kasuistika horretan sartzen.

Independentziaren beharra

Erreakzio ugari ekarri ditu erabakiak. Horien artea, Nicola Sturgeon Eskoziako Lehen Ministroarena. Bere hitzetan, Eskoziari Westminsterren onespenik gabe erabakitzeko eskubidea ukatzen dion lege batek Erresuma Batua borondatezko batasun gisa saltzen duen mitoa azalerazi eta independentziaren beharra jartzen du mahai gainean.

Eskoziari demokrazia ukatuko ez diotela gaineratu du, eta Auzitegi Gorenaren ebazpenak bide bat ixten badu ere horrek Eskoziarrek independentziaz esateko dutena isilaraziko ez duela agindu du. Besteak beste, hurrengo hauteskunde orokorrak independentziari buruzko erreferendum gisa hartuko dituztela esan izan du Sturgeonek.