argia.eus
INPRIMATU
Eskoziako 130 enpresarik independentziaren aurkako manifestua sinatu dute
  • Eskoziako eta herrialde hartan negozioak dituzten 130 enpresarik independentziaren aurkako adierazpena sinatu dute. Haien jarrera nahikoa ezaguna zen jada, baina publiko egin duten gutunak are argiago laga ditu gauzak.

ARGIA @argia 2014ko abuztuaren 28a
HSBC bankuko Douglas Flint da sinatzaileetako bat.

Banku, whiski eta petrolioaren sektoreko enpresariak daude sinatzaileen tartean. Diotenez, "enplegu sortzaile gisa", bi aldeen arteko eztabaitak tentuz jarraitu dituzte, eta haien iritziz independentziaren aldekoek ez dizkiete argudio nahikoa "sendoak" aurkeztu: "Zalantzak daude funtsezko zenbait gairen inguruan: moneta, marko arautzailea, zergak, pentsioak, esportazioak edota Europar Batasunaren (EB) barruko papera. Eta zalantzak txarrak dira negozioetarako".

Adituen arabera, moneta eta EB barruko partaidetza dira gairik polemikoenak. Alderdi britainiarrek uko egin diote balizko Eskozia independentearekin batasun monetarioa osatu eta libra esterlina erabiltzen jarraitzeko aukera eskaintzeari, independentistek desio duten moduan. Bestalde, Eskozia EBn sartuko ote litzatekeen ez dago argi, eta puntu hori funtsezkoa da enpresari handientzat.

Edinburgoko Unibertsitateko irakasle Bradley McKay-ren hitzetan, "pertsona zentzudun orok daki Eskozia EBko kide izango litzatekeela, baina iraupenak zalantzak sortzen ditu: 18 hilabete, bi urte, bost?".

Dioenez, enpresari txikiagoen artean baiezkoak babes handiagoa du, independentzia lortuz gero botere-guneak herritarrengandik gertuago egon daitezkeela uste dutelako.