2014ko erreferendumean egin zen galdera bera izango du Eskozian egingo den bigarren erreferendumak: “Eskoziak herrialde independentea izan behar luke?”. Eskoziako Gobernuak erreferendumaren lege proiektua aurkeztu duen egunean, independentismoari garaipena eman dio inkesta batek.
COVID-19ak eragindako krisia lehentasuna dela eta berau gainditu arte ez dela erreferendumik egingo ere argi utzi nahi izan du Gobernuak. Lege proiektuaren testuak dio Eskoziako hurrengo parlamentuak izango duela erreferenduma antolatzeko ardura.
Beste bi lege proiektu ere onartu ditu Gobernuak azken hilabeteetan, erreferenduma gauzatzeko oinarriak finkatzea helburu. Dena den, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak behin baino gehiagotan errepikatu du erreferenduma egitea Gobernu britainiarrarekin batera adostu nahi duela, 2014an egin bezala.
%52ak baietz
Erreferendumaren galderak bi erantzun posible baino ez ditu izango: bai ala ez. Heraldek eskatuta argitara eman berri den inkestaren arabera, independentziaren aldekoak %52 lirateke uneotan, eta %48ak Britainia Handian jarraitzearen alde egingo luke. Ikerketa berdina egin zuten 2014an, baina orduko hartan independentziaren kontrako jarrera gailendu zen nabarmen.