argia.eus
INPRIMATU
Eskozia independentea EBko kide izateko ez du trabarik jarriko Erresuma Batuak
  • Gobernu britainiarreko bi lege-adituk Eskozia burujabea automatikoki Europar Batasuneko (EB) kide izatera igaro litekeela aitortu dute, “Batasuneko organoak eta estatu kideak Eskoziaren atxikimenduaren kasu bereziaren aurrean euren lege-eskakizunak moldatzeko prest baldin badaude, beti ere”. Erresuma Batuaren eta Eskoziaren arteko batasuna defendatzeko helburua duen txosten batean argitaratu dute informazio hau.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko otsailaren 12a
Alex Salmond Eskoziako presidentea.

Cameronen gobernuak atzo eman zion hasiera Eskoziaren independentziaren aurkako kanpainari. Londresetik, txosten sorta bateko lehenengo alea argitaratu dute, eta bertan, bi nazioen arteko banaketak ekar ditzakeen nazioarteko ondorioei buruz mintzo dira.

Abenduaren 10ean idatzitako txosten hau bezalakoek berez sekretuak izan beharko luketen arren, Eskoziaren independentziaren aurkako kanpaina bultzatzeko asmoz argitaratu du gobernuak Vilawebek dioenez. Bertan, NBE edota EB bezalako erakundeei buruz mintzo dira. “NBEk Eskozia estatu-kide berri moduan atxiki dadin eskatuko luke. Erresuma Batuak, aldiz, ordura arteko rol bera mantenduko luke, Segurtasun Kontseiluan duen eserleku iraunkorra barne”, dio testuak.

Europar Batasunaren kasuan, adituen ustetan, Eskoziaren atxikimendua birnegoziatu egin beharko litzateke. “Eskoziak independentzia lortuko balu, honen ondorioak gainontzeko estatu-kideen eta Batasuneko organoen jarreraren eta denen arteko negoziazioen baitan egongo dira”, diote bi katedradunek.

Txostenak dioenez, Eskozia independenteak atxikimendua eskatu beharko lioke Europar Batasunari. Ororen gainetik, Londres eta Edinburgoren arteko akordioen baitan dago prozesua luze edo motel suertatzea. Hala ere, adituek ez dute prozesu azkar baten aukera alde batera uzten.