Hilabete falta da Eskoziako erreferenduma. BBC katearen azken inkesten arabera independentziari ezezkoa irabaziko luke botoen %55arekin. Baiezkoaren aldekoak %35 dira momentuz, eta %11 ezbaian daude. Hainbat hedabidek Eskozia eta Kataluniako kasuak aztertu eta alderatu dituzte.
The Independent egunkari britainiarrak Britainia Handiko eta Espainiako presidenteen jarrerak aztertu ditu larunbatean argitaratutako erreportaje sakon batean. Diotenez, Cameronek Eskoziako erreferenduma egitea onartu du badakielako ezezkoak irabaziko duela seguraski. Rajoyk, aldiz, Kataluniako erreferendumaren kontra egin du baiezkoak irabaziko lukeelako. Espainiako presidentea “Konstituziaren atzean ezkutatzen” dela dio The Independentek.
Bi prozesuetan ematen den kontraesana nabarmendu dute: Independentzia nahi ez dutenek bozkatzeko eskubidea duten bitartean (eskoziarrak), sezesioaren aldekoek debekatuta dute (katalanak). “Horrelakoa da 2014ko Europa”, dio egunkari britainiarrak ironiaz.
USA Todayk Eskoziako erreferendumak Europako beste lurraldeetan duen eragina aztertu du. Egunkariak Richard Whitman Kenteko Unibertsitateko gai europarretan adituaren hitzak jaso ditu. Honek dio Eskoziako erreferendumak “beste lurralde batzuei atea ireki” diela, horien artean Kataluniari.
Egunkari estatubatuarraren ustez katalanek azaroaren 9an bozkatuko dute nahiz eta Gobernu espainiarrak debekatu. USA Todayk, The Independentek bezala, Eskozia eta Kataluniako kasuak alderatu ditu. Bi prozesuak ez direla berdinak diote: “Kataluniaren arrazoiak autodeterminazioaren alde egiteko hizkuntza eta kultura errepresioa dira, besteak beste. Eskoziarren kexa nagusia Londreseko Parlamentutik jasaten duten diskriminazio ekonomiko eta soziala da”.