Eskoziako ministro orde Nicola Sturgeonek iragarri duenez, 2016ko martxoaren 24an aitortuko da Eskoziaren independentzia, datorren urteko galdeketan baiezkoa ateraz gero.
2014ko irailaren 18an eginen da Eskoziako independentziaren inguruko galdeketa. 16 urtetik gorako herritarren esku egongo da haien etorkizuna. “Eskozia herrialde independente bat izan beharko litzateke?” galderaren aurrean baiezko ala ezeko erantzunen artean hautatu beharko dute.
Bihar aurkeztuko da Glasgowen 670 orrialdetan independentziaren inguruko xehetasun guztiak bilduko dituen Liburu Zuria. Alex Salmond, Eskoziako lehen ministroaren esanetan “gida horretan adieraziko dira independentziaren aldeko argumentu ekonomiko, sozial eta demokratikoak”.
Nicola Sturgeonek adierazi du Liburu Zuriak independentziaren inguruko galdera guztiak erantzungo dituela. Nolako aitortza jasoko luken Eskoziak, bidean eman beharreko urratsak eta negoziazioak, horretarako prestaketak eta bozketaren ondorengo trantsizio garaian lortu beharreko akordioak. Horretaz gain, dokumentuak “Eskoziaren sendotasun ekonomikoa agerian utziko duela”, gaineratu du.
Liburu horretan biltzen den bezala, 1707an Ingalaterra eta Eskoziaren arteko Batasun Agiria sinatu zen urtemugarekin bat eginez, 2016ko martxoaren 24an aitortuko litzateke independentzia. Urte bereko maiatzean bertan deituko lirateke lehen hauteskundeak, herri independente gisa.