El Mundo egunkariak plazaratutako informazioaren arabera, Leioako campusean tiroketa gauzatu zuen gazteak ertzain bati erosi zion eskopeta. Gazteak arma eskuratzeko erabili zuen webgunean eskopeten ehunka iragarki daude.
Asteazken arratsaldean EHUko Leioako campuseko Zientzia eta Teknologien fakultatean tiroketa gauzatu zuen ikasle batek. Gertakariaren ondotik, gazteak arma nola eskuratu duen argituz joan da. Ostegunean El Diario.es-ek aurreratu eta Espainiako Gobernuko ordezkari Denis Itxasok baieztatu zuenez, eskopeta Milanuncios interneteko atarian erosi zuen eta ostean arma legalizatu zuen Guardia Zibilak Bilboko La Salven duen kuartelean, saltzailea ere bertan zela. Ostiralean datu berri bat eman du argitara El Mundok: gazteari arma saldu zion pertsona ertzaina da. "Ertzain batena izandako pumping eskopeta bat da (...) Ertzaintzak erabiltzen duen armetako bat da eta horrekin ekin zion campusean tiro egiteari, kristalen, pareten eta auto baten kontra". Egunkariak emandako azalpenen arabera, saltzaileak ez zekien gazteak armari zein erabilera emango zion.
El Diario.es-ek azpimarratu duenez, uneotan dozenaka eskopeta daude salgai atari horretan. "Soilik Bizkaian, salgai dauden eskopeten 95 iragarki daude, 30 eurotatik hasi eta 2.000 euro artekoak", dio informazioak. Albiste hau idazterako orduan, EAEn salgai dauden eskopeten bilaketa eginez gero, 271 iragarki ageri dira. Gisako armen salerosketa legezkoa da zenbait baldintza betez gero eta armaren dokumentazioaren aldaketa Guardia Zibilaren aurrean egiten bada. Horrek esan nahi du, tiroketa gauzatu zuen ikasleak egunean zituela mediku-azterketa, aurrekari penalen ziurtagiria eta ehiza-baimena. Hala ziurtatu zuen Denis Itxasok: gazteak duela aste batzuk jaso zituen ehizarako baimena eta dokumentu guztiak ongi baitzituen, "aurrerakri penalak eta test psikoteknikoa barne".
Tiroketaren egileak ez zuen inoren aurka indakeriarik erabili, nahita. Hainbat iturrik jakinarazi duenez, gazteak bidean aurkitutako pertsonei jakinarazi zien ez zuela inori min emateko asmorik, eta bere xedea EHUren aurka egitea zela, arrazoia oraindik argitu ez bada ere. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuaren hitzetan, ordea, "ez dagokigu guri motibazio psikologiko sakonak biltzea". Asteazkenean atxilotu zuten gaztea, eta epailearen esku utzi dute ostiralean. Mehatxu delitua eta suzko armarekin kalteak eragin izana leporatzen diote.