argia.eus
INPRIMATU
Hizkuntza gutxituen Molac Legea
Eskolim elkartearen deia parlamentariei: aldatu Frantziako konstituzioaren 2. artikulua
  • Frantziako estatuko hizkuntza gutxituetako hezkuntza federazioak biltzen dituen Eskolim elkarteak gogor kritikatu du Kontseilu Konstituzionalak murgiltze sistema konstituzioaren aurkakoa dela ebatzi izana, horrela Molac Legetik kanpo utziz.

2021eko maiatzaren 27a
Eskolim elkarteko sei lehendakariak 2021eko martxoan. Argazkia: Wikipedia.

Eskolim elkartea 2009an sortu zen Ziburun eta Kazeta-k jaso ditu Molac Legea dela-eta Kontseilu Konstituzionalak hartutako erabakiaz elkarteak egin dituen adierazpenak: "Erabaki erradikala da, ezin sinetsizkoa. Ez ditu soilik gure hizkuntzak ezabatu nahi, baita gure identitateak eta kulturak ere. Ez da zeinu edo azentu bakar bat ere onartzen. Garbiketa linguisitiko bat da. Askatasunen bermatzaile den Kontseilu Konstituzionalak oinarrizko eskubideak erasotzen ditu".

Parlamentariei deia Frantziako konstituzioaren 2. artikulua aldatzeko

Eskolim elkartetik frantziar konstituzioaren 2. artikuluaren aldaketa eskatu dute jatorrizko hizkuntzek pairatzen duten "linguizidioarekin" bukatzeko. Bide horri eustea eskatu diete eragile eta herritarrei, eta bereziki parlamentariei.

Sententziari erantzuna emango diotela nabarmendu dute, maiatzaren 29ko manifestaziora deituz: "Ukabila goian, euskaldunek, bretoiek, alsaziarrek, korsikarrek, katalanek eta okzitanoek sententzia honi erantzuna emanen diote, behar den orotan. Lurralde ezberdinetan maiatzaren 29an hasiko da".

Laborantza Ganbararen adierazpena: "Murgiltze ereduak gure sustengua behar du"

Laborantza Ganbarak larunbata honetan Baionan egingo den manifestazioarekin bat egin du, gaiaren irakurketa hau plazaratuz:

"Eskola publikoek murgiltze eredua baliatzeko eskubidea ukaitea onartu zuen Frantziako Parlamentarien gehiengo handiak, apirilaren 8an bozkatu Molac legearen 4. artikuluaren bidez. Bainan frantses Konstituzio Kontseiluak 4. artikulua zentsuratu du konstituzioaren kontrakoa zela deklaratuz, eta murgiltzea debekatu du eskola publikoetan bezala eskola pribatu eta ikastoletan.

Murgiltze modeloak hiztun osoak sortzen ditu, sistema elebidun arruntak zerbitzu hori segurtatzen ahal ez duelarik. Orduan, ze ulertu behar dugu gisa hortako zentsuratik ? Gure hizkuntzak desagerrarazi nahi dituztela ?

Egunero ikusten dugu euskara gure hizkuntza dela lanean, frantsesa bezala, profesionalekin, partaideekin eta laborariekin. Horrengatik, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak maiatzaren 29ko mobilizazioan parte hartuko du, gure haurreri euskara irakasteko lan egiten duten guziak eta murgiltzea hautatu duten familiak sustengatu nahi baititu".