2021etik aurrera, LGBTI+ mugimenduaren historiari buruzko ikasgaia emango da Eskoziako ikastetxe publiko guztietan, Gobernuak hala erabakita. “Hurrengo belaunaldiei zor diegu, haur eta gazte guztiak diren modukoak beldurrik gabe izatea ahalbidetuko duen lekua bihurtu dadin eskola”, diote Hezkuntza ministeriotik.
LGBTI+ kolektiboari buruzko ikasgai espezifikoa sortzearen helburua da, mugimenduaren historia, borroka eta garaipenak ezagutzeaz gain, LGBTIfobiaz, sexu berekoen arteko ezkontzaz, HIESAz eta bestelako gaiez hitz egitea. LGBTI kolektiboak adierazi du aurrerapauso handia dela, hezkuntzan hori guztia txertatzea delako etorkizuneko belaunaldien segurtasunaren alde egitea. Azken finean, hezkuntza tresna garrantzitsuenetakoa da, jazarpenari, aurreiritziei eta diskriminazioari aurre egiteko.
Erabakiaz oso harro agertu da Eskoziako Hezkuntza ministerioa. “Gure ikastetxeetan ikasten duten pertsonak bezain anitza behar du izan curriculumak. Ikasgai berriak ez du bakarrik LGBTI ikasleen esperientzia hobetuko, ikasle guztiei egingo die on, aniztasunaren eta elkarbizitzaren alde”.
Lorpen honetan, funtsezkoa izan da Time for Inclusive Education ekimenak urtetan egindako lana.