argia.eus
INPRIMATU
Eskoletan LGBT ikuspegia txertatu duen munduko lehen herrialdea da Eskozia
  • Urtetako eskaera errealitate bihurtu da ikasturte honetan: Eskoziako ikastetxe publiko guztietan, sexu identitate anitzek lekua dute hezkuntza curriculumean. Aniztasun hori ikusgai egiteaz gain, ikasle ez heterosexualen eskola-esperientzia hobetzea eta bullyinga murriztea ere baditu helburu erabakiak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko urriaren 26a
Argazkia: medicalxpress.com

LGBT mugimenduaren historia, identitateen inguruko eztabaidak, LGBT erreferenteak, diskriminazioari buruzko gogoetak... ikasgai dituzte Eskoziako ikasleek, ikasturte honetatik aurrera. Urtetako eskaerari bide berdea eman zion Eskoziako Gobernuak.

Hezitzaileek, berriz, gaiaren inguruko sentsibilizazio eta formazio ikastaroa jasoko dute, babes beharra izan dezaketen haur eta gazteei laguntzeko informazioa jasoko dute, eta gaiak egoki lantzeko material didaktikoa izango dute eskura.

Curriculumean ere, ikusgai

"Gure ikastetxeetan ikasten duten pertsonak bezain anitza behar du izan curriculumak" esana du Eskoziako Hezkuntza ministerioak, eta helburu horrekin garrantzia eman diote ikas-material eta curriculumean hegemonikoak ez diren profilak txertatzeari, ez soilik sexu identitateari lotuta, baita generoari edo arrazari lotuta ere, adibidez.

Hain justu, Euskal Herriko ikastetxeetako curriculumetan sexu askapena hutsaren pareko dela nabarmendu digute irakasle bik, berriki egindako solasaldian: "Klasean erabili ohi diren eredu, adibide, curriculum eta abarrek hain dute ikuspegi zisheterosexuala, bestelako norabidean doan erreferentzia oro dela ongi etorria, seguru nagoelako asko eta asko direla ematen den materiarekin identifikatuta sentitzen ez diren ikasleak. Lehen urratsa da irakasleok kontziente izatea zer dagoen ematen dugun curriculum horren atzean".

Hezkuntza ministerioaren hitzetan, ekimenak "ez du bakarrik LGBTI ikasleen esperientzia hobetuko, ikasle guztiei egingo die on, aniztasunaren eta elkarbizitzaren alde".