Neska gazteak agertzen dira irudietan eta Telegram bidez zabaltzen dituzte. Irailaren 1ean kanpaina bat abiatuko dute sare sozialen bidez, gobernuak neurriak hartu ditzan.
Adimen artifizialaren bidez sorturiko eduki sexuala daukaten irudiak zabaltzen ari dira Hego Korean. Emakume gazteen irudiak erabili eta Telegram bidez zabaltzen dituzte. Dagoeneko, eskolen %70era iritsi dira. Hego Koreako feministek salatu dute gertatutakoa eta irailaren 1ean, sare sozialen bidez, kanpaina bat abiatuko dute gobernuak neurriak hartu ditzan. “Gizon korearrek Telegrameko talde ugari sortu dituzte euren inguruko emakumeen informazio pertsonala partekatzeko”, salatu dute.
Irudiak sortzen dituztenak nerabeak eta 20 urte inguruko gazteak dira. Guztira, 220.000 kide inguru direla ondorioztatu dute. Taldeetan sartzeko euren inguruko nesken edo emakumeen argazkiak partekatu behar dituzte; hala nola ikaskideenak, irakasleenak edota familiako kideenak. Horietan agertzen diren asko adinez txikiko neskak dira. Horregatik, horrelako taldeak dituzte ikastetxeen zerrenda egin eta zabaldu egin dute feministek. Horrela, neskek ikusi dezakete talde horietan agertzen al diren.
Irudiak sortzen dituztenak nerabeak eta 20 urte inguruko gazteak dira; guztira, 220.000 bat kide. Taldeetan sartzeko inguruko nesken edo emakumeen argazkiak partekatu behar dituzte
Delitu sexual horiek hedabideetan salatu dituzten arren, feministek adierazi dute soilik emakumeak kezkatzen direla erasoengatik: “Biktimak neskak direnez, ez zaio inori axola”. Salatu dutenez, 2021. urtetik datorren afera bat da, baina gobernuak ez du neurririk hartu. Gobernuaren erantzun ezaren aurrean, gertatutakoaren berri ematen hasi dira ingelesez. Eta Yoon Suk Yeol Hego Koreako presidenteak adierazi du sakonki ikertuko dituztela salaturiko delitu sexual digitalak.
Erasotzaileak feministen kontra
Gobernuak neurriak hartu bitartean, hiru traola sortu dituzte kanpaina masiborako: #DigitalSexCrimes_in_Schools ; #Expose_the_Deepfake_Perpetrators eta #SouthKorea_expels_criminals. Horrez gain, X plataforman @dvu84djp feminista korearraren kontuan jarraitu daiteke auzia.
Kontua erabiltzen duen pertsonak sare sozialen bidez adierazi du bere burua babesteko beharra sentitu duela erasoak salatzeagatik eraso egin diotelako: “Gizon korearren irainak eta akusazioak jasaten ari naiz, esaten dutelako gizon korearren ohorea suntsitzen ari naizela. Nire kokapena bilatzen ari dira gainera”.