Digitalizazio Demokratikorako eta Eskubide Digitalerako Institutua da Xnet eta Bartzelonan eskubide digitalen aldeko erreferentziazko plataforma. 2020ko abenduan zenbait ikastetxeetan “digitalizazio demokratikoa” aplikatzeko egitasmo pilotua aurkeztu zuten. Helburua zen irakasleek eta ikasleek Google edo Microsoft bezalako multinazional handien softwareekiko menpeko ez izatea, tresna horiek egiten duten datuen erabilerak zalantzak sortzen dituelako eta sistema horietan erakusteak “bezero gatibuak” sortzen dituelako.
Pilotuan Bartzelonako hiru ikastetxek hartu zuten parte eta orain ikastetxe gehiagotara zabalduko da. Xnet proiektuaren sustatzaile Simona Levik eta Arnau Monterdek Euskarabilduan egitasmo honen nondik norakoen berri emango dute.
Simona Levi italiar antzerkigilea eta zuzendaria da, ekintzaile politikoa, tekno-politikaren estratega, kultura kudeatzailea, ikerlari akademikoa, kazetaria eta Pompeu Fabra unibertsitateko irakaslea. 2017an Rolling Stone aldizkariak Levi etorkizunari forma ematen ari diren 25 pertsonen artean aukeratu zuen. Aurrera eraman dituen proiektuen artean kokatzen da Xnet proiektua, Levi sortzaileetako bat izan baitzen.
Arnau Monterde berriz, Berrikuntza Demokratikoko zuzendaria da Bartzelonako Udalean eta Informazioaren eta Ezagutzaren Gizartean doktorea Universitat Oberta de Catalunyan. Eskubide digital, software libre, burujabetza teknologiko eta berrikuntza demokratikoari buruzko hainbat programa eta proiekturen parte da.
Euskarabildua jardunaldia urriaren 27an egingo da San Telmo museoan eta antolatzaile da ARGIA, Iametza eta Ametzagaiña taldeko enpresekin batera. Bertaratu nahi izanez gero, webgunearen bidez izena eman daiteke.