argia.eus
INPRIMATU
Eskoletako irakasle eta langileak, “nazkatuta”
  • Gero eta gehiago dira ikastetxeetako egoera salatzen duten ahotsak: pandemia kudeatzeko dituzten lan-karga eta ardurak, baliabide falta, protokoloekiko zalantzak eta egoerarekiko kezka azaleratu dituzte.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko urtarrilaren 21a

“Lanez erabat gainezka dauden eta ikasleen beharrak behar bezala asetzera iristen ez diren langileak” deskribatu ditu Steilas sindikatuak; ikastetxeetan "nazkatuta" daudela dio. EAEn, hezkuntza zentroetara irakasle ordezkoak heltzen ari diren arren, kolektibo guztietan ez direla ordezkapenak bermatzen ari eta batzuetan astea gainditzen duten bete gabeko ordezkapenak jasaten dituztela salatu dute sindikatuko irakasleek: “Haurreskolak Patzuergoan ez dira ari ordezkapenak betetzen, eta heziketa bereziko hezitzaileen sektorean ere, ikasgeletarako itzulera langileen bajaz beteta egongo zela aurreikusteko modukoa izan arren, administrazioak ez du aparteko neurririk ezarri”.

Abandonu sentsazioa

Nafarroan, egoera kaotikoa dela eta kolapso sentsazioa dagoela dio Steilasek, nola jokatu ez dakitela eta Hezkuntza Departamenduak abandonatu dituen sentsazioa dutela. Protokoloak aldez aurretik bidaltzea eta ordezkapenak modu azkarrean egitea eskatu dute, beste behin. “Kontua ez da soilik zentroak irekita edukitzea, baizik eta martxan jartzea berme eta segurtasun osoz”.

Kaosa, protokolo nahasgarriak, administrazioaren erantzukizun falta, baliabide beharra… errepikatzen dira batean eta bestean, baita Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastetxeetan ere. Baionan egindako manifestazioan salatu zutenez, “egoera kaotiko honetan, Frantziako Hezkuntza Ministerioaren erantzukizuna erabatekoa da, etengabeko aldaketen, atxiki ezinezko protokoloen eta hezkuntzaren funtzionamendua bermatzeko baliabide faltaren ondorioz".

Ikastolen Elkartetik ere haserre mintzatu ziren joan den astean: “Inpotentziaz eta nekez bizitzen ari gara ematen ari diren hainbat egoera eta ez dagozkigun ardurak hartzen ari gara gure gain azkenaldian, Osasun sailetik erantzun eraginkorrik ez dugulako jasotzen”. Protokoloak nahikoa argiak ez direla kexatu dira eskoletatik.

Baliabideak eta jarraibide argiak

Behar diren baliabide pertsonal eta teknikoak jartzeko eskatu dio administrazioari Steilas sindikatuak, langileen lan baldintzak eta osasuna zaintzeko, baita ikastetxeei jarraibideak garaiz emateko ere.