argia.eus
INPRIMATU
Hainbat guraso elkartek eskoletako neurriak murriztea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari
  • Hezkuntza eta familia-arloko hainbat elkartek eskoletako COVID-19aren aurkako protokoloa leuntzeko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, haurrak eskoletan modu duinean egon daitezen. Elkarteek jakinarazi dutenez, datozen egunetan batzea eskatuko diete gobernuei, beharrezko akordioetara iristeko. 

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko azaroaren 05a
Argazkia: Eitb.eus

Adin txikikoak eskoletan modu duinean egotearen alde, eta ikastetxeetan ezartzen diren COVID-19aren gaitzaren kontrako neurriak leuntzearean alde, komunikatua plazaratu dute Urola Garaia, Lezo, Deba eta Donostiako guraso elkarteek eta Hatsa Batzarra, Aske, Haurrak Ere Bai, Orioko Hezkuntza Herrian plataformek. Elkarteek, EAEko eta Nafarroako hezkuntza arloko gobernukideei eskatu diete pandemiari aurre egiteko diseinatutako protokoloak jasotzen dituen neurriak leuntzea, edo berauek berdiseinatzea. Haurren eskubideak eta pandemiak eskatzen duen ardura-jokabidea kontuan izanda. Ostegunean, gobernuei gutun bana helarazi diete eta azaroaren 10ean hezkuntzako ordezkaritzan entregatuko dute, hezkuntza-agintariarekin biltzeko eskaerarekin batera. 

Gurasoek proposatutako neurrien artean honako hauek nabarmentzen dira: ikasleak aire libreko espazioetara ahalik eta gehien ateratzea eta irakasle nahiko ez balego horri aurre egiteko, gurasoen parte hartzea bultzatzea eta berau erraztea. Bestelako proposamenak ere badaude; heziketa fisikoko saioetan, adibidez, jarduera fisikoa egiten ari direnean, haurrek musukoa kentzeko aukera izatea. Jolasaldian ere, musukoa erabiltzearen aukera norberarena izatea, eta hamaiketakoa patioan edo zelaian jatea. 

Elkarteek aitortu dute badakitela ez dela erraza garai hauetan eta COVID-19aren testuinguruan neurriak ezartzea, baina jada eskoletan jarrita daudenak hobetzea badagoela azpimarratu dute. Sinesten dute, aldaketa hauek, arduraz jokatzearekin bateragarriak eta ongizatearen onurarako izan daitezkela.