argia.eus
INPRIMATU
Eskoletako digitalizazioa Microsoften esku utzi du Jaurlaritzak
  • EAEko eskola publikoetan ikasleek erabiltzen dituzten plataforma digitalak Microsoftekin hitzartu ditu Eusko Jaurlaritzak, bost urtean multinazionalera 3 milioi euro bideratuz. Hala kontatu du Hordago-El Salto agerkariak, hezkuntza publikoa pribatizatzeko modua dela salatuz.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko azaroaren 30a

Oro har administraziorako ere Microsoftekin egiten du tratua Jaurlaritzak, eta bi akordio handi aipatzen ditu agerkariak: 15 milioi eurokoa 2018-2020 artean, eta 3 milioikoa 2017an. Bost urterako 3,2 milioi euroko kontratua ere nabarmentzen du Hordagok, hezkuntzan Microsoft produktuak erabiltzeko.

EAEko ikasleen %51 –sare publikoa osatzen dutenak– Microsoften datu-basean daudela azpimarratzen du artikuluak, hezkuntza pribatizatzeko modua dela. Bertan elkarrizketatu duten Steilas sindikatuko ordezkariaren arabera, “negozioa ez da soilik hardware edo softwareak saltzea zentroei, ikasleen datuekin ere komertzializatzen da”.

Ikasleak, etorkizuneko bezero

Gaiari monografikoa eskaini genion ARGIAn eta solaskideek hezkuntza digitalean enpresa handiek duten esku-hartzeaz ohartarazi zuten: “Ez da bakarrik gure ikasleen datu pertsonalak multinazionalen esku geratzen direla, baita gure ezagutza eta ezagutza horren kudeaketa ere. Horri guztiari gehitu behar diogu bezeroak sortzen ari garela beraientzat, etorkizuneko kontsumitzaileak. Zergatik interesatzen zaizkie multinazional hauei hainbeste haur eta gazteen datuak? Oso moldagarriak direlako, eta marketina, publizitatea, jokabideak lantzen dituzten enpresentzat lehengai aproposa direlako (politikarientzat, enpresa komertzialentzat…). Gure datuen ustiaketa lehengai bezala erabiltzen duen enpresa baten esku jarri ditugu gure haurrak. Eta ikusi ez dugun Troyako zaldia izan da, orain ari gara konturatzen”. Garbi zioten: “Subiranotasuna galtzen ari gara, multinazionalen esku dagoelako azpiegitura”.

Multinazionalen gurpiletik ateratzea ere posible delako, teknologia burujabe eta askeago baten aldeko apustua egin duten ikastetxeen adibideak ere eman zituzten solaskideek ARGIAren mahai-inguruan.