argia.eus
INPRIMATU
Eskolen etetea epe mugarik gabe luzatu du EAEko hezkuntza sailak
  • Hezkuntza zentroei gutuna bidali die sailak. Eskolen etetea “beste abisu bat eman arte” mantenduko da. Bien bitartean orain arteko irizpideak jarraitzeko agindua eman du.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 18a
Hezkuntza zentro guztiak itxita mantenduko dira. Argazkia: Wikipedia.

Hezkuntza zentro bakoitzari une ezberdinetan ezarri zitzaion bi asteko jardueraren etena, eta neurriaren amaiera data ere ezberdina zen, hortaz. Arabakoak izan ziren lehendabizikoak. Gaur Cristina Uriarte Toledo Hezkuntza sailburuak sinatutako gutuna jaso dute ikastetxeek.

“Honen bidez jakinarazi nahi dizuegu gertaeren bilakaera eta agintari eskudunak aplikatzen ari diren neurriak direla eta, eskolen aldi baterako etetea beste abisu bat eman arte luzatzen dela”, dio hitzez hitz gutunak. Etenaldia amaitu arte, orain arteko irizpideak mantentzeko agindua ematen du sailak: “Ikastetxeei adierazitako gainerako gidalerroek indarrean jarraitzen dutela egiaztatzen dugu, bai irakaskuntza-jardueraren garapenari dagokionez, bai ikasleei arreta emateari eta familiekiko komunikazioari dagokienez”.

Osasun gomendioak “zorrotz” errespetatzeko beharra azpimarratu du sailak, “jardueraren normaltasunari ahalik eta lasterren berrekin ahal izateko”.