Eskolaz kanpoko jarduerak dira ikasturte hasierako guraso askoren buruhausteetako bat. Seme-alabentzat onuragarriak dira beraien motibazio eta trebeziak garatzeko, baina agenda beteegiak, interes okerrengatik hautaturiko jarduerak edota faktore ekonomikoak baldintzaturiko aisialdia ere badira egungo errealitatearen adibide.
Haurraren potentzialtasuna, trebeziak eta motibazioak garatzeko aukera ona dira eskolaz kanpoko jarduerak, baina batzuetan gauza gehiegitan ematen dute izena, ordu asko igarotzen dituzte ekintza bideratuetan (ikastetxean hainbat ordu eman ostean), eta oreka inportantea dela dio Anna Serra psikopedagogoak, Criar.cat-en: azkenerako, umeak estresatzen bukatu dezakegu, edo bideratutako ekintzetan denbora asko ematen duten haurrek amaitu dezakete aisialdi librean zer egin ez dakitela, jolasteko eta aspertzeko gaitasunik gabe. Egunero denbora libre zati bat gordetzea garrantzitsua da, jolasteko, egunean egindakoa barneratzeko, sormenerako, etxean elkarrekin gauzak egiteko…
Batzuetan, dio Serrak, helduon agenda beteei aurre egiteko betetzen ditugu seme-alaben agendak, kontziliazioari begira. Ez da abiapuntu ona. Beste batzuetan, gurasoek ez dakite haurrarekin dituzten gatazka eta egoerak gestionatzen, segurtasun falta dute, eta akonpainamendua egiteko baliabideak bilatu ordez, haurrak jardueratara eramaten dituzte, aurrez aurrekoa saihesteko: “Maite zaitut, baina ez dakit zurekin nola komunikatu eta hori konpentsatzeko eskolaz kanpoko jarduera pila bat ordainduko dizkizut”.
Haurrak ala gurasoek aukeratutako jarduerak?
Zenbat galderarekin batera dator zein jarduera aukeratu. Erantzunak logikoa dirudi: haurrak nahi eta desira duena. Bada, kontuz, batzuetan helduon desirak proiektatzen ditugulako hautaketan, kontziente edo inkontzienteki, dio psikopedagogoak. Seme-alabarekin hitz egin eta hark dituen gustu eta abilidadeak kontuan hartuz lagundu behar zaio hautatzen, proba ere egin dezake, “baina ekintza batetik bestera saltoka ibili gabe, haurrak frustrazio txikienarekin erabaki dezakeelako etengabe ekintzak utzi eta berriak hartzea, gauzak hasi eta bukatzeko konpromisorik gabe”.
Gustukoaz gain, haurrarentzat beharrezko izan daitezkeen jarduerak ere aukeratzea gomendagarria da, baina blogean kontatu genuenez, sarri lehia dago hainbat hautaketaren atzean, gure seme-alaba eskolako azkarrena izateko lasterketan.
Eta aukeratzeaz ari garen honetan, azpimarratu beharra dago familia askok ez dutela aukeratzerik, etxeko baldintza ekonomikoengatik ume ugarik ezin baitu halako jardueratan parte hartu. Eskolaz kanpoko jarduerak desoreka ekonomikoaren iturri direla frogatuta dago eta sakon lantzeko eztabaida behar luke, administrazio publikoak zenbateraino eta nola bermatu desoreka hori.