6-10 urte bitarteko haurrek doan dituzte eskolaz kanpoko jarduerak Portugalen. Ekintza hauetan parte-hartze unibertsala bermatzea onuragarria izan da Portugalgo ikasleen arteko desoreka sozioekonomiko eta ondorioz akademikoei aurre egiteko eta eskola porrota txikitzeko, besteak beste.
Portugalen, Lehen Hezkuntzako lehenengo mailatik laugarrenera doako eskolaz kanpoko jarduerak eskaintzen dituzte ikastetxe guztiek. Adostasun politiko eta sozial zabalarekin onartutako 1986ko hezkuntza legearen ondorio da, eta gakoa izan da eskola porrota hogei urtean %50etik %6ra jaisteko. Hala jaso du 3Cat-ek. Gobernuak ordaintzen ditu jarduerak, eta udalek, ikastetxeek eta aisialdi enpresek kudeatzen eta antolatzen dituzte (ezberdina da funtzionamendua, herriaren arabera).
Jarduerak hautazkoak dira, baina herrialdeko ikasleen %85ek hartzen dute parte, gutxi gorabehera. Heziketaren parte diren heinean, eskolaz kanpoko ekintzetara sarbide unibertsala ziurtatzea desoreka ugariri aurre egiteko modua bilakatu da Portugalen. Azken finean, hezkuntza formalaren osagarri eta aberasgarri dira, eta ondorioz, aukera berdintasuna ez bermatzea eta haur batzuk sare hauetatik kanpo uztea diskriminatzailea dela salatu izan du hezitzaile ugarik.
Duela hamabost bat urtetik Portugalgo udalek hartu duten protagonismoa garrantzitsua da, honetan guztian: hainbat hezkuntza konpetentzia berenganatu zituzten eta besteak beste, ordutik udalek parte-hartze zuzena dute Curriculuma Aberasteko Ekintzetan. Hain da arrakastatsua neurria, hainbat kasutan Lehen Hezkuntzako laugarren maila ostean ere, bosgarren eta seigarren mailan eskolaz kanpoko jardueren doakotasuna mantentzea erabaki duela hainbat udalerrik, ekintzen kostu ekonomikoaren zatirik handiena udalek ordainduta.
Hain da arrakastatsua neurria, hainbat kasutan Lehen Hezkuntzako laugarren maila ostean ere jardueren doakotasuna mantentzea erabaki duela hainbat udalerrik
Kanpoan geratzea, sareak galtzea
Garapen pertsonalerako, autoestimurako, emozioak gestionatzeko, hezkidetzarako, harremanetarako, elkar zaintzarako, alde ludikoan sakontzeko, euskara espazio informaletan indartzeko… aukera paregabea izan daitezke eskolaz kanpoko jarduerak, erreportaje honetan azaldu genuenez. Norbere potentzialtasun, trebezia eta motibazioei bide ematen diete eskolaz kanpoko ekintzek, “eta kanpoan geratzeak esan nahi du agian zure gaitasun eta talentu bat mugatzen aritzea”. Batzuetan, arlo akademikoari lotutako jarduerak dira, eta bazter geratzen direnentzako ondorioa ere garbia da: are atzerago geratzen dira ibilbide akademikoan.
Jarduera hauetatik at geratzea ere bada sareak galtzea: “Haurrak ez doaz bakarrik futbolean edo balletean aritzera, on asko egiten die horrelako zerbaitek, faktore ugari landu daitezke, eta halako talde baten parte sentitzea funtsezkoa da askorentzat; are gehiago, beraien bigarren familia bilakatu daiteke batzuetan, zentraltasun handia hartzen du beren bizitzetan, zer esanik ez nerabezaroan”, nabarmendu zuen Amaia Bergara kale hezitzaileak.