argia.eus
INPRIMATU
Eskolara oinez bai, baina bide seguruak bermatuta
  • Erronkariko ikastetxera doazen 84 ikasleek eskolara joateko ibilbide segurua dute joan den astetik, bidean egin dituzten obrei esker. Eskolara oinez edota bizikletan joateak dituen onura ugariak nabarmendu ohi ditugu, baina horretarako prestatuta al daude gure hiri eta herriak?

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko martxoaren 14a
Erronkariko ibilbide berritua aurkezten. Argazkia: Nafarroako Gobernua

Bost hilabeteko obren emaitza aurkeztu dute Nafarroako Gobernuak eta Erronkariko Udalak: oinezkoen bidea errepideko autoetatik babesteko hormigoizko horma, espaloi zabalagoa, ibaiaren erriberako gunean baranda, bide-marka eta seinale berrituak… Bide-azpiegitura egokiak ahalbidetzea funtsezkoa dela adierazi du Nafarroako Gobernuko ordezkariak, “oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea bermatzeko”, eta eskola oinarrizko zerbitzua da, zalantzarik gabe.

Oinarrizko zerbitzu horren sarbidea, baita bertara iristeko bide eta kaleen egoera, baina, sarri ez da batere segurua, errepideak eta autoak nagusi diren gure hiri eta herrietan. Duela gutxi azaleratu genuen Bilboko Atxuriko eskolako gurasoen kexa: Bilbo haurrentzat hiri arrotza dela azpimarratzeaz gain, eskola inguruneak bizi duen kutsadura eta segurtasun-eza salatzen dute. Atxurin, gustura jarriko lukete martxan haurrak eskolara ikaskideekin batera oinez eta beren kabuz joateko proiektua, “haurren garapenean eta harremanetan eragin zuzena duen esperientzia oso polita delako”, baina halako zerbait ahalbidetzeko lehenik “udalak hainbat berme jartzea beharrezkoa ikusten dugu. Oraintxe bertan, zebrabidea berdean gurutzatzea bera arriskutsua da gurean”.

Haurren azalean jartzeak balio badu hirigintzan eragiteko eta leku bizigarriagoak eraikitzen hasteko, bada zerbait

Eskolara haurrak taldean, gero eta herri gehiagotan

Gero eta herri eta hiri gehiagotako ikastetxeak ari dira martxan jartzen ikasleak eskolara beren kabuz joatea sustatzeko ekimenak. Horri buruz argitaratu genuen artikuluan azaltzen genuenez, ekimen hauetan lehen urratsa izan ohi da ibilbide segurua eta planifikatua adostea, eta horren ondorioetako bat baldin bada kale eta auzoak begi horiekin irakurtzea, haurren azalean jartzeak balio badu hirigintzan eragiteko eta leku bizigarriagoak eraikitzen hasteko, bada zerbait.