argia.eus
INPRIMATU
“Eskolara itzuliko gara” inkestaren arabera, Nafarroako ikasleen %76k nahiago du ikastetxean ikasi
  • Nafarroako ikasleen %76k nahiago du ikastetxean ikasi eta ez etxean; ehunekoa %83ra igotzen da Lehen Hezkuntzan eta Batxilergoan, eta %70era jaisten da DBHko ikasleen artean. 

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko abenduaren 14a
Argazkia: Eitb.eus

"Eskolara itzuliko gara" inkestaren arabera, Nafarroako ikasleen %76k nahiago du ikastetxean ikasi modu presentzialean. 20.000 ikaslek eta 3.500 irakaslek parte hartu dute Idea Ebaluazio Institutuaren azterlanean, eta pandemiak iraun duen bitartean irakaskuntzak bizi izan duen egoera aztertu dute honela.

SM Fundazioaren Idea Ebaluazio Institutuak "Eskolara itzuliko gara" inkesta egin du. Inkesta horretan, Hezkuntza eta LH Ministerioaren eta Hezkuntza Departamentuaren laguntzarekin, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 19.890 ikaslek eta 226 ikastetxe publiko, itundu eta pribatuetako 3.422 irakasle nafarrek parte hartu dute udazken honetan. 

Ikasleek aurrez aurreko prestakuntzari buruz egindako balorazioaz gain, txostenak azpimarratu du "irakasleen %96k nahiago duela irakaskuntza presentziala etxetik irakaskuntza telematikoa baino, eta irakasleen %91k uste du ikasleek gehiago ikasten dutela ikastetxean". 

Ikasleen balorazioa

Ikasleek emandako erantzunei dagokienez, azterketaren emaitzak erakusten du Lehen Hezkuntzako ikasleak zirela eskolara itzultzeko gogo handiena zutenak (%86), ondoren Batxilergokoak (%72) eta azkenik Landebi Heziketakoak eta DBHkoak (%70 eta %66). Ikasleen %54k uste du gutxiago ikasi dutela etxean ikastetxean baino, eta %34k uste du berdin ikasi dutela. Batez besteko kopuruek ikasleen arteko aldeak ezkutatzen dituzte: Batxilergoko %74k uste du gutxiago ikasi dutela etxean, Lanbide Heziketako %62k uste du gauza bera; eta aldiz, Lehen Hezkuntzakoen %44k.

Irakasleen erantzunak

Urrutiko irakaskuntza ez da irakasleen gustukoa izan. Gehienek (%96) aurrez aurreko irakaskuntza nahiago dute. Irakasleen %91k uste du gehiago ikasten dela ikastetxean urrutitik baino. %69ri kosta egin zaio urrutitik irakastea. Hala ere, irakasleen %66k uste du ikasle guztien hezkuntza-premiei erantzun egokia eman ahal izan diela. Ehunekoa txikiagoa da Haur Hezkuntzako (%59) eta Lehen Hezkuntzako (%64) irakasleetan, eta handiagoa Bigarren Hezkuntzako (%69) eta Lanbide Heziketako (%77) irakasleen kasuan.