argia.eus
INPRIMATU
Eskolara itzuli dira Ipar Euskal Herriko haurrak
  • 2019/2020 ikasturteari ekin diote gaur Ipar Euskal Herriko umeek, eta aurten ikastola bat gehiago izango dute, Seaskak ikastola berria ireki baitu Ahetze eta Arbona (Lapurdi) artean.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko irailaren 02a

Gaur Seaskak ireki duen 37. ikastolaren ateak zabaldu dira. Lapurdiko Ahetze eta Arbona herrien artean dago eskola, eta guztira 4.000 biztanle biltzen dituzten herrietako eskaria artatzera dator. Seaskak 4.000 ume baino gehiago eskolaratzen ditu gaur egun, eta eskaria urtero hazten ari dela esan dute.

Hazkunde hau dela eta, urtero irakasle gehiago behar izaten dituzte Seaskako ikastoletan, baina ikastolen elkarte honentzat ez da ekonomikoki bideragarria; horregatik, Frantziako instituzioen laguntza behar izaten dute. Frantzian, baina, euskara ez da hizkuntza ofiziala, eta Pariseko Gobernuari kosta egiten zaio laguntzak ematea.

Ikasturte berri honetarako Seaskak 30 irakasle eskatu zizkion Parisi, baina hauek azkenean 19 irakasle ordainduko dituztela esan dute. Nahi zutena baino gutxiago zela adierazi zuten Seaskako kideek, baina horrekin “antolatu ahalko” zirela esan zuten. “Gertuko etorkizuna baretzeko balio izango du, baina Ipar Euskal Herriko ikastolek borrokan jarraitu beharko dute. Tamalez Frantziak ez du gure hizkuntza aitortzen” esan zion Paxkal Indo Seaskako lehendakari ohiak EiTBri uztailean.

Aurten 50 urte bete ditu Seaskak, eta beren ibilbideari buruz erreportaje sakona egin dugu Aktualitatearen Gakoetan.